Bilboko Jaiak

Bilboko Irria izeneko kultur astea egingo dute Konpartsek

Abuztuaren 26tik 29ra izango da. «Ez-jaiak» izan beharrean, aste kulturala izango dela jakinarazi dute.

Konpartsetako kideak gaurko agerraldian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Naroa Torralba Rodríguez
2021eko uztailaren 8a
14:09
Entzun

Gaur goizean aurkeztu dute Bilboko konpartsek Arriaga plazan abuztuaren 26tik 29ra antolatuko duten Bilboko Irria kultur astea. Ekinbidearen ikurra izango dena ere erakutsi dute: Marijaiaren ahoa irudikatzen du. Nerea Matute Garcia de Jalon eta Arkaitz Peña Iturain Bilboko Konpartsen bozeramaileek adierazi dute aurten ere jairik ez dela egongo, eta haien proposamena ez dela «ez-jaiak sortzea». Haien kultur programazioaren helburu nagusia Bilbori «irria berreskuratzen laguntzea» izango da, «COVID-19aren oinazearen eta konfinamenduetako nekearen ostean».

Matutek eta Peñak esan dutenez, kultura eredu parte hartzaile, feminista, herrikoi eta euskaldunaren arabera ere egin daiteke. Horretarako, herritarrei eskainiko dizkiete «bizitza, kirola, kultura, identitate kolektiboa eta Bilborekiko zein komunitatearekiko konpromisoa»; osasun neurri guztiak beteta, ohartarazi dutenez.

Bilboko Udalarekin harremanetan daudela aipatu dute, eta «elkarrekin lan egiteko borondatea» egon badagoela ere erantsi dute. Aurretik egon diren ekitaldietan arazorik egon ez dela jakinarazi dute, eta segurtasun neurriekin «oso zorrotz» jokatuko dutela gogorarazi dute. Gainera, gehitu dutenez, ez da gaueko emanaldirik egongo: «Bilboko Irria goizean, eguerdian eta arratsaldean izango denez, publikoak jesarrita eta distantziak mantenduta egon beharko du. Era berean, emanaldi guztiak aire zabalean izango dira». Datozen asteetan iragarriko dute zein izango den agenda, baita izena emateko bideak zeintzuk izango diren ere. Osasun neurrien inguruko zehaztapenak ere zabalduko dituzte.

Konpartsakide Eguna Areatzan

Uztailaren 17an, Konpartsakide Eguna izango da Areatzan. «Bilboko Irriaren aurreko topagune eta beroketa saioa» izango dena. Hurrengo astean jakinaraziko dute egitarau osoa. Aurreratu dutenez, 12:30ean hasiko den «kultura eta bizitzaren aldeko» kalejira izango da eguneko ekitaldi nagusia,­ eta bertaratzeko deia egin diete Bilboko herritarrei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.