Adierazpen askatasuna

Zentsura salaketa, Zornotzan

Martzel Do Nascimiento grafitigile zornotzarrak eta hainbat eragilek salatu dute udalaren jokabidea, artistak 2012az geroztik margotutako irudiak ezabatu dituelako.

Do Nascimiento margolaria, bere lanetako baten aurrean. NATALIA SALAZAR ORBE
Natalia Salazar Orbe.
2021eko uztailaren 9a
12:50
Entzun

Zornotzako Kaitana plazako eraikin baten behealdean, horma gris batean, irudi bat margotzen ari zen Martzel Do Nascimiento Martz artista, Udal Hirigintza Batzordeko hautetsi batek gehiago ez pintatzeko esan zionean. Hala salatu du Martzek. Begi biziak zituen emakume baten aurpegia pintatu zuen. Hiru egunera, berriz, udalak margolana ezabatu zuen.

Haren ondoren, Sabino Arana kalean tximu bat beste bati arkakusoak kentzen ari zela erakusten zuen irudia ezabatu zioten. 2016an margotutakoa zen hura, eta, besteek bezala, Martzen sinadura zuen. Sinadura hori bera zuten hainbat horma-irudik janzten zituzten herriko kaleak 2012an artistak espazioak margotzeari ekin zionetik. Duela zenbait hilabete Zornotzako Udala margolan horiek ezabatzen hasi zen, ordea. Ez hori bakarrik: 2.000 euroko isuna ere jarri dio. Martzek «jazarpen eta zentsura moduan» interpretatu du gertatutakoa. Herriko hainbat eragilek babesa agertu diote.

2019ko udan hasi zen grafitigileak jazarpen gisa deskribatu duen prozesua. «Kalean nengoen margotzen, beste batzuetan egin dudan bezala». Eraikin pribatu baten horma pintatzen ari zen. «Bertan bizi ziren eta bertatik pasatu ziren bizilagunen aldetik erantzun positiboa izan nuen. Normalean, horrela izaten da. Bat-batean, margotzeari uzteko esan zidan gizon bat agertu zen». Bertako bizilaguna ote zen galdetu zion artistak. «Ezetz esan zidan, Zornotzako Hirigintza zinegotzia zela. Erantzun nion bera ez zelan inor han margotu ala ez esateko. Mehatxu egin zidan. Nik ez nion egin kasurik».

Handik aurrera, apurka ikusi zuen bere horma-irudiak ezabatzen hasi zirela. «Zornotzan 2013tik zeudenak ezabatzen hasi ziren, baina nireak bakarrik. Bien bitartean, kalean esbastikak, mezu matxistak zituzten pintaketak eta bestelakoak ezabatu barik ikusten genituen», adierazi du Martzek, eta, egoera horretan, kalean margotzen jarraitu zuen.

Iazko udan iritsi zitzaion hurrengo ezustekoa. «Udalak zigor espediente administratiboa ireki zidan, eta 2.300 euroko isuna ezarri». Isunak bi atal zituen. Batetik, artistak azaldu duenez, bere hamar horma-irudi aukeratu zituzten, eta horietako bakoitzarengatik 30 euroko isuna jarri zioten. «30 euro bider 10 lan, 300 euro. Obrak ezabatzeko lanen kostua ere nire gain jarri zuten: 2.000 eurokoa. Guztira, 2.300 euroko isuna ezarri zidaten».

Ez du ordainduko

Isuna ez ordaintzearen aldeko hautua egin du Martzek, eta helegiteak jarri ditu. Joan den apirilean Bizkaiko Foru Aldundiak enbargo agindua helarazi zion. Joan den astean, berriz, udalak jakinarazi zion isuneko 300 euro barkatu dizkiola. 2.000 eurokoa du orain zigorra. Kopuru horren kontra ere errekurtsoa jarriko du.

Artistak adierazi du ez dela egon bizilagunen salaketarik ez antzekorik horma-irudiak ezabatzeko eskatzeko. «Herritarren jarduna debekatzea, erreprimitzea, gustatzen zaie batzuei. Errepresioaren aldeko jarrera dute, zigortzearena».

Minduta mintzatu da artista: «Kaleko margolaria naiz ni. Ez diot inori errespetua galdu inoiz; ez dut egin inoren erretraturik, ez dut idatzi irainik. Kontuan hartzen dut norbaiti nire margolanak ez bazaizkio gustatzen, eta ezabatu ere egin izan ditut horrelakoetan, nik neuk. Normal ikusten dut. Baina jabea ados badago, zergatik sartu behar da udala ezabatzen eta niri isuna jarri?».

Udalak lan oro kontrolpean izan nahi duela uste du artistak. «Esan zidaten margotzen den guztiak euren filtroa pasatu behar duela, eta zirriborro bat aurkeztu behar dela. Nik hor ez dut ikusten askatasunik». Babes falta ere deitoratu du Martzek. «Gazteak sortzen ikusten gaituztenean, moztu egiten digute bidea. Babesa eman beharrean, segituan mozten digute bidea».

Babesa

Do Nascimientok gertatutakoa salatzeko agerraldia egin zuen joan den astean Zornotzan —mural bat ere egin du—, babesa adierazi zioten hainbat kulturgile eta kaleko artistarekin batera. «Niri zigorra kentzeko eskatu genuen, baina baita kaleko kultura defendatzeko ere. Gainera, artearen adierazpen askatasuna eskatu dugu». Herriko hainbat eragile ere bide beretik mintzatu dira, eta manifestu bat sinatu dute. «Martzel grafitigile gazteak jaso duen erasoa ez da eraso indibidual bat soilik. Eraso kolektibo gisa ikusten dugu, udal honen jarrera orokorraren erakusle baita. Zornotzan arazo handi bat daukagu herri mugimenduaren adierazpen askatasunarekin», esan dute manifestuan. Besteak beste, herriko gaztetxeak, Ernaik, elkartasun sareak edota talde feministak sinatu dute.

Artistak berak salatu du udala 1990eko hamarkadako ordenantza batean oinarritu dela berari isuna jartzeko. «Pintaketa esplizituki politikoak direnen aurkako ordenantza da. Nik ez dut egiten halakorik», esan du. Bizkaiko Hitza-k Zornotzako Udalari galdetu dio gertatutakoari buruz, baina ez du jaso erantzunik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.