Haitiko Senatuak Joseph Lambert Senatuko presidentea izendatu du presidente

Dagoeneko hogei dira Moiseren hilketagatik atxilotuak, eta horietatik hamazazpi kolonbiarrak dira.

Joseph Lambert, eskuinean, 2019an Senatuan. VALERIE BAERISWYL, EFE
jon ordonez garmendia
2021eko uztailaren 10a
08:17
Entzun

Senatarien heren batekin bada ere, Haitiko Senatuak Joseph Lambert Senatuko presidentea izendatu du bart Haitiko presidente. Erabakiak bihurritu egingo du Jovenel Moiseren hilketaren osteko trantsizioa, Claude Joseph jarduneko lehen ministroaren zilegitasuna auzitan jartzen baitu. Asteazkenean Moise hil zutenetik, Josephek hartu du gobernuaren lema; berak eman zuen Moiseren hilketaren berri, eta agerraldi guztietan Leon Charles Poliziaren burua eta beste agintari batzuk izan ditu inguruan.

Senatuak, ordea, argudiatu du hil aurretik Moisek sinatu zuen azken dekretuan Ariel Henry izendatu zuela lehen ministro, eta, nahiz eta formalki ez duen kargua hartu, baliogabetu egiten duela horrek Joseph jarduneko lehen ministro gisara. Gainera, parlamentua geldirik dago 2020ko urtarrilaz geroztik, 2019an egitekoak ziren hauteskundeak atzeratu egin zirelako. Ondorioz, Josephek aurtengo apirilean lehen ministro kargua hartu zuen arren, parlamentuak ez du berretsi.

Moiseren hilketaren osteko lehen orduetan, Henryk ere adierazi zuen presidentetza berea zela; gero, baina, NBEk eta AEBek Joseph babestu ondotik, ez du berriro egin.

Hiru hautagaiek dituzte, beraz, zilegitasun arazoak presidente izateko, eta Konstituzioak ez du biderik ematen egoera argitzeko. Horren aurrean, Senatuak otsailaren 7ra arte izendatu du presidente Lambert, orduan baitzen amaitzekoa Moiseren agintaldia. Akordio nazional bat bilatzeko eta hauteskundeetara lehenbailehen deitzeko eskatzen dio.

Beste sei erasotzaileren bila jarraitzen dute

Haitiko Poliziak jakinarazi duenez, dagoeneko hogei dira presidentearen hilketagatik atxilotuak, eta horietatik hamazazpi dira kolonbiarrak eta bi haitiar jatorriko estatubatuarrak. Radio Caracol Kolonbiako Irratiak iragarri duenez, beste sei pertsonaren bila ari dira, operazioan parte hartu zutenak 28 izan zirelakoan (hiru erasotzaile han bertan hil zituzten).

Zenbait iturriren arabera, ordea, atxilotutako kolonbiarrek ez lukete zerikusirik hilketarekin. El Tiempo Kolonbiako hedabideak dio Kolonbiako militar ohi horiek hilketa gertatu eta ordubetera iritsi zirela.

Bocchit Edmond Haitik AEBetan duen enbaxadoreak esan du erasotzaileak oso ondo entrenatuta zeudela, eta AEBetako Drogen Aurkako Agentziako (DEA) kide gisara identifikatu direla. AEBek ziurtatu dute DEAk ez duela inongo zerikusirik gertatutakoarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.