Frantziako Tourra

Mollemak irabazi, Martinek jauzi

Holandarra indarra eta adimena uztartuz gailendu da Tourreko 14. etapan, eta frantziarra bigarren jarri sailkapen nagusian. Fraile ere ihesean izan da, eta seigarren bukatu du  

enaut agirrebengoa
2021eko uztailaren 10a
18:49
Entzun

Etapa garaipena izan ohi da ihesaldian sartzen den txirrindulariaren jomuga. Tropelaren aginteari muzin egin, iheskideak garaitu eta helmugan besoak altxatzeko ilusioz egiten du eraso.Bada, gaur Bauke Mollema izan da zorioneko gidoi hori aplikatu duena, Tourreko 14. etapan. Nolanahi, bestelako moduak ere badaude ihesaldi bati probetxua ateratzeko. Galde diezaiotela bestela Guillaume Martini (Cofidis): tropelari 5.25 atera, eta bigarren jarri da sailkapen nagusian, Tadej Pogacarrekiko (UAE) 4.04ko atzerapenarekin. Mattia Cattaneok (Deceuninck), berriz, hamargarren posturaino egin du jauzi, Pello Bilbaoeren (Bahrain) kaltetan. Gernikarra 11. da orain.

Aurrez hezurmamitutako planari heldu dio Mollemak etapa bereganatzeko. 2017ko Tourrean egin bezala, maldan behera utzi ditu atzean iheskideak, helmugatik urruti. 25 kilometroren faltan egin zuen eraso duela lau urte; eta are lehenago, bukaeratik 42 kilometrora abiatu da gaur, hirugarren mailako koska baten jaitsieran. Ekinaldi suizida zirudien, baina holandarrak bikain kudeatu ditu indarrak. Alferrikakoak izan dira gainontzeko iheslarien ahaleginak. Haien artean zegoen Omar Fraile (Astana); santurtziarrak seigarren postuarekin konformatu behar izan du.

Bihurria eta hautsia zen ibilbidea, bigarren mailako hiru mendate eta hirugaren mailako birekin. Agerikoa zen liderrak ez zirela sartuko etaparen borrokan, beraz, aukera ezinhobea zuten tropeleko abenturazaleek. Asko ziren ihesaldia harrapatu nahi zutenak. Talde ugari jada garaipen premia nabaritzen hasiak dira. Su batean hasi da etapa, eta hala jarraitu du luzaroan. Helmugatik 100 kilometrora, aurrera egitea lortu dute Cattaneok, Michael Woodsek (Israel) eta Wouter Poelsek (Bahrain), eta handik tarte batera, beste zazpi txirrindulari batu zaizkie. Horien artean zeuden Mollema, Martin eta Fraile. Sergio Higuita (Education), Esteban Chaves (Bike Exchange), Patrick Konrad (Bora) eta Louis Meintjes (Wanty) ziren besteak. Behin hamarkotea osatuta, egonkortu egin da lasterketa.

Woodsek eta Poelsek lehia bizia izan dute mendiko puntuak lortzeko. Sari ere lor daiteke ihesaldietan. Hamabi lortu ditu kanadiarrak, eta horri esker, puntu gorridun maillota kendu dio Nairo Quintanari (Arkea). Azken igoera buruan pasa duena, aldiz, Mollema izan da. 1.30eko aldearekin hasi da igotzen, multzotik bakarrik ihes egin eta gero. Gertu zeukan garaipena. Baina sufritu egin zezakeen Saint Louiseko malda pikoetan. Atzetik aurrera egiten saiatu dira Cattaneo, Higuita, Woods eta Konrad, baina Mollemari 25 segundo baino ez dizkiote kendu. Hortaz, azken jaitsiera eroso egin du holandarrak, eta azken kilometroan sartu aurretik hasi da garaipena ospatzen. Konradek irabazi du bigarren postua lortzeko esprinta, Higuitaren aurretik.

Martin 11. postuan iritsi da, baina helmuga igarotakoan, ez dio erreparatu etapako sailkapenari, sailkapen nagusiari baizik. Izan ere, zazpi postu igo ditu, bederatzigarrenetik bigarrenera. Haren mehatxuari ezikusi egin dio tropelak, etaez da itsutu jazarpenean. Faboritoek indarrak gordetzeko hautua egin dute, bihar Pirinioetan jokatuko den etapari begira. Lasterketako 15.a izango da, eta Ceret eta Andorra la Vella lotuko ditu, 191,3 kilometroko ibilbide menditsu batekin. Lau mendate kateatuko dituzte: lehen mailako Mont Louis, Envalira eta Beixalis, eta bigarren mailako Puymorens. Beixalis izango da igoko duten azkena; helmugatik hamalau kilometrora egongo da gaina. Pogacarrek Mont Ventouxen izandako ahulezia egun bakarreko kontua izan zen ala ez ikusiko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.