Argentina 1-0 Brasil

Argentinak irabazi du Amerikako Kopa

Neurketa itxia jokatu dute bi taldeek, eta Di Mariak sartutako golak erabaki du. Argentinaren hamabosgarren Amerikako Kopa da, Messiren lehenengoa.

Argentinako jokalariak garaipena ospatzen, bart, Rio de Janeiron. ANDRE COELHO / EFE
Paulo Ostolaza.
2021eko uztailaren 11
10:20
Entzun

Argentina da Amerikako txapeldun berria. Bart gauean jokatu dute Amerikako Kopako finala Maracaná estadioan (Rio de Janeiro, Brasil), baina etxekoek ezin izan dute baliatu euren zaleen babesa garaikurra eskuratzeko, eta Argentina gailendu da 1-0. Angel Di Maria izan da goleatzailea, 22. minutuan, Renan Lodiren akats baten ostean.

Txapelketa ikusgarria egin du Brasilek, eta finalean eurak ziren faboritoak. Hori gutxi balitz, etxeko taldea norgehiagokarik galdu gabe zen 2019ko azarotik. Argentina, berriz, berreraikitzen ari diren talde bat da, eta Messik Maradonaren bide bera zeramala uste zuten askok: Maradonak ez zuen sekula Amerikako Koparik irabazi Argentinarekin. Gaur uxatu ditu mamu horiek Argentinako izarrak, talde gazte batez inguratuta. Izan ere, aurretik jada Amerikako Kopako hiru final jokatutakoa zen Messi, eta hirurak galdutakoa (2007an Brasilen aurka, eta 2015 eta 2016an Txileren aurka). Baita Munduko Kopako final bat ere 2014an.

Neurketari dagokionez, itxia eta joko gutxikoa izan zen; hasieratik borrokara atera ziren bi taldeak. 22. minutuan akats larri bat egin zuen Renan Lodik, eta hura baliatu zuen Di Mariak partidako gol bakarra egiteko. Hortik aurrera, joko gutxi eta gol aukera gutxiago bi aldeetan. Ahalegindu zen Brasil —bigarren zatian batez ere, Richarlisonen bidez—, baina eutsi zion Argentinak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.