Kuba

Gobernuaren kontrako protestak piztu dira Kubako hainbat hiritan

Diaz-Canelek AEBei leporatu die protestak sustatzea, eta «iraultza defendatzeko» eskatu die herritarrei. Manifestariek sendagai, elikagai eta elektrizitate eskasia salatu dute.

Kubako Gobernuaren kontrako manifestazio bat, atzo, Habanako Kapitolioaren parean. ERNESTO MASTRASCUSA, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko uztailaren 12a
09:59
Entzun

Milaka pertsona irten ziren kalera atzo Kuban, Manuel Diaz-Canel presidentearen gobernuaren kontra protesta egitera. Nazioarteko hainbat hedabideren esanetan, azken 60 urteotako protestarik jendetsuenak ziren. Herrialdeak bizi duen egoera ekonomikoa eta pandemiaren kudeaketa salatu zuten manifestariek, «diktadura» gaitzesteko leloak oihukatu zituzten, eta «askatasuna» aldarrikatu.

Protestak San Antonio del los Bañosen hasi ziren, Habanatik 25 kilometro hego-mendebaldera dagoen herri batean, eta hiriburura eta beste eskualde batzuetako hirietara hedatu ziren ostean. Manifestaziorik handiena Habanan izan zen, Kapitolioaren parean.
Manifestariek haserrea adierazi zuten sendagai eskasiarengatik, elikagaiak eskuratzeko egin behar dituzten ilarengatik eta zerbitzu energetikoan izan diren mozketengatik.

Presidentea herritarrei zuzendu zitzaien atzo bertan, irrati eta telebista bidez. Protesten atzean AEBak zeudela esan zuen, eta herritarrei kalean «iraultza defendatzeko» eskatu zien. «Borrokarako agindua emana dago».

Presidentearen iritziz, Kubako herritarrek egunerokoan dituzten zailtasunak baliatu nahi dituzte AEBek herrialdea desegonkortzeko. Horren aurrean, baina, Kubak bere subiranotasuna defendatuko duela ohartarazi zuen. Gobernuaren aldeko herritar taldeak protesten parean biltzen hasiak ziren ordurako, eta gehiago batu ziren arratsaldeak aurrera egin ahala. Tentsio uneak ere izan ziren gobernuaren kontrako manifestarien eta gobernuaren aldekoen artean.


Kubako Gobernuaren aldeko manifestariak, atzo, Habanan. ERNESTO MASTRASCUSA / EFE

Kubako Poliziak hainbat lagun atxilotu zituen. AI Amnesty Internationalek Kubako estatuko indarren jokabidea salatu du. Erika Guevara Rosas elkartearen Amerikako zuzendariaren esanetan, «Poliziak tiroz zauritutakoen abisuak izan dira, atxiloketa arbitrarioak, mehatxuak eta kazetarien kontrako erasoak». Nabarmendu zuen manifestariak «era baketsuan» irten zirela kalera, baina gobernuak «mertzenarioak» izatea leporatu ziela. Agintarien «erreakzio estigmatizatzailea» kritikatu zuen.

AEBek eta AEE Amerikako Estatuen Erakundeak Diaz-Canelen hitzak gaitzetsi dituzte «borrokara» deitu duelako. Kubatarren adierazpen askatasunaren eta biltzeko eskubidearen alde mintzatu da Etxe Zuria. Joe Biden AEBetako presidentearen iritziz, «kubatarrak ausardiaz ari dira beren oinarrizko eskubideak gauzatzen». Diaz-Canelek Washingtonen «errezeta hipokritak» salatu zituen aurretik. «Herriarengatik benetan arduratuta badaude, Kubaren arazoak konpondu nahi badituzte, amaitu dezatela blokeoa».

Kubako agintariek Vezezuelako eta Mexikoko gobernuen babesa jaso du «atzerriko esku hartzeen» aurrean. Ildo beretik mintzatu da ALBA Amerikarako Aliantza Bolivartarra. Errusia ere Habanaren alde agertu da, eta Kuba estatu «aske eta subiranoa» dela nabarmendu du. Herrialdea «desegonkortu» dezakeen ekintza ororen kontra mintzatu da Mosku. Vladimir Putinen gobernuaren hitzetan, Kubako agintariak «beharrezko neurriak» hartzen ari dira «ordena publikoa» ezartzeko eta «herritarren interesak» defendatzeko.

Alde askotako krisia

COVID-19a kalterik handiena eragiten ari den unean piztu dira protestak. Ekaina hasieraz geroztik, gorakada nabarmena izan da atzemandako positibo kasuen kopuruan. 6.900 kutsatu izan ziren atzo. Joan den asteko kutsatze kopuruen bikoitza. Hazkunde horri aurre egiteko uhartean bertan sortutako txertoa eskura izatea espero du gobernuak. Ekainean jakinarazi zuenez, Abdala txertoak %92ko eraginkortasuna frogatu du proba klinikoetan. Oraingoz, baina, kutsatzeen erritmoak azkartzen jarraitzen du.

Pandemia hedatu denetik, sendagai falta sumatzen dute herritarrek, eta horixe izan da manifestariek adierazi duten kexetako bat, baina ez bakarra. Kubak egoera ekonomiko latza bizi du. Bereziki, Venezuelak —bere petrolio hornitzaile nagusiak— erregaia bidaltzeko arazoak dituenetik eta Washingtonek uhartearen kontrako blokeo ekonomikoa gogortu duenetik. Pandemiak egoera okertu besterik ez du egin, gobernua Kubako eredu produktiboa aldatzeko erreformetan murgilduta dagoen garaian.

Hala, Diaz-Canel presidenteak herritarrei zuzendu zien mezuan aitortu zuen Kubak dituen arazo ekonomikoek haserrea eragin dutela herritarrengan, baina, haren esanetan, gobernuak «zintzoki» azaldu die herrialdea zergatik ari den «une zailak» bizitzen. AEBen blokeoa eta pandemia jo zituen errudun.

Hitzaldian adierazi zuenez, Donald Trump AEBetako presidente ohiaren administrazioak uhartearen kontrako neurri ekonomikoak gogortu zituen, Kubako gizartea gobernuaren kontra altxatzeko helburuarekin. Haren esanetan, AEBen neurri horiek hainbat dibisa iturri moztu dizkio herrialdeari, nazioartean kredituak lortzeko aukerarik gabe utzi dute eta erregaia eskuratzea eragotzi diote.

Bestalde, koronabirusaren azken aldaerek kutsatzeen gorakada eragin dutenez, gobernuak osasun sarea indartu behar izan duela adierazi zuen. Osasun zentroei «lehentasun energetikoa» eman die, eta, energia sareak lehendik «arazoak pilatuta» zituenez, azken aldian mozketa energetikoak ugaritu dira. «Horrek haserrea, ezin ulertua, kezka eta arazoak sortu dizkie herritarrei», adierazi zuen presidenteak.

Diaz-Canelek eta haren gobernuko beste zenbait kidek azalpen gehiago eman dituzte gaur, telebista bidez. Livan Arronte Energia ministroak «ekoizpen defizita» aitortu du, baina energia sistemaren matxura garrantzitsuenak biharko konponduta egongo direla hitza eman du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.