Eurokopako finalak indarkeria matxistaren alarmak piztu ditu Ingalaterran

Partidarekin indarkeria matxista kasuak areagotuko zirela aurreikusi zuen NCDV erakundeak, eta ehunka lagunek beren etxeak eskaini dizkiete bart aterpe bat behar izan duten emakumeei

NCDVk kontzientziazio kanpainarako erabili duen karteletako bat. NCDV
Oihane Puertas Ramirez.
2021eko uztailaren 12a
17:07
Entzun

Zirraragarria izan zen Ingalaterraren eta Italiaren arteko Eurokopako finala, baina ez denentzat. Partida jokatzen ari zen bitartean, Twitter bidez ehunka lagunek eskaini zizkieten euren etxeak aterpe bat behar zuten emakumeei. Kate Flood izan zen horrelako mezu bat zabaldu zuen lehena, partidak, eta, bereziki, Ingalaterraren porrotak eragingo zituen indarkeria matxista kasuak aintzat hartuta. Floodek berarekin harremanetan jartzera animatu zuen genero indarkeriak «beldurtzen edo kezkatzen» zuen Londresko ekialdeko edozein emakume. Mezuan, gainera, gainontzeko emakumeak gauza bera egitera deitu zituen.

Erabiltzaileek kezka erakusteaz gain, babesa eskaini zieten behar zuten emakumeei. Kelly Whitek, esaterako, Kate Flooden mezuari zera esanez erantzun zion: «Nottingham hiritik gertu dauden emakumeak, ni ez nago oso urruti, gau osoan egongo naiz ikuskatzen. Ez dut leku handiegirik, baina moldatuko gara. Eskerrik asko, Kate, sare sozial honi beharrezkoa den erabilpena emateagatik». Beste erabiltzaile batek hegoekialdean zegoen edozein emakume gonbidatu zuen bere etxera, azaldu zuen gela handi bat zuela eta uber zerbitzua ordaindu zezakeela.

Futbol partidek indarkeria matxista arriskua areagotzen dutela ondorioztatu dute London School of Economics-en argitaratutako ikerketa batean. Datu horiekin eta Eurokopako finalarekin lotuta, NCDV Erresuma Batuko Etxeko Indarkeriaren Nazioarteko Zentroak kontzientziazio kanpaina bat jarri zuen martxan Ingalaterraren eta Italiaren arteko finala baino zenbait aste lehenago.

Kanpainaren baitan, hainbat mezu zabaldu ditu erakundeak sare sozialetan azken asteotan: «Nobody is willing our teams to win more than her» —Inork ez du berak baino gehiago nahi gure taldeek irabaz dezaten— eta «If England get beaten, so will she» —Ingalaterra jotzen badute, bera ere bai—, adibidez. NCDVk jakinarazi duenez, Ingalaterrak jokatzen duenean indarkeria matxista %26 hazten da da, eta partidaren bat galtzen duenean, %38. Horregatik, kanpainak zabaldu zuen «mundu guztia» ez zegoela atzoko «partida iristeko irrikan».

Erakundearen arabera, «emakumeek indarkeria eta abusua jasaten dute egunero bikotekideen eta bikotekide ohien eskuetan», eta «futbola erasoak egiteko aitzakia gisa erabiltzen da».

Horrez gain, Ingalaterrako zenbait aktore eta musikari ospetsuk indarkeria jasan duten biktimei laguntzeko zenbakiak partekatu dituzte sare sozialetan, eta haien jarraitzaileei «euren burua zaintzeko» eskatu.

Milaka zaletu elkartu ziren atzo Londresko kaleetan eta tabernetan, eta istiluak sortu zituzten batzuek. Besteak beste, hainbat zaletu sarrerarik gabe Wembleyn sartzen saiatu ziren, eta botilak eta bestelakoak jaurti zituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.