Kuba

Pertsona bat hil dute Kubako Gobernuaren kontrako protestetan

Gobernuak adierazi du polizia etxe baten kontrako erasoan gertatu dela heriotza. Hainbat erakundek manifestarien atxiloketak salatu dituzte, eta horien kokapenari buruzko informaziorik ez dela nabarmendu.

Kubako Polizia herrialdeko gobernuaren kontrako protesta batean, joan den igandean, Habanan, manifestari bat atxilotzen. ERNESTO MASTRASCUSA, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko uztailaren 14a
11:25
Entzun

Kubako Gobernuak jakinarazi du pertsona bat hil dela joan den igandean herrialdeko gobernuaren kontra piztu ziren manifestazioetan. Azaldu duenez, hildakoa 36 urteko gizonezko bat da, eta atzo protestan ari zen Arroyo Naranjo herrian, Habanaren ondoan. Manifestarien eta Poliziaren arteko enfrentamenduan hil dela adierazi du gobernuak, heriotza nola gertatu den gehiago zehaztu gabe. Gaineratu duenez, hainbat herritar atxilotu zituzten istilu horietan eta zaurituak izan ziren —poliziak horien artean—. Kubako Gobernuak «atsekabea» adierazi du hildakoarengatik.

Iturri ofizialen arabera, manifestari talde bat polizia etxe batera hurbiltzen saiatu zen Arroyo Naranjon, «poliziei eraso egiteko eta azpiegitura kaltetzeko helburuarekin». Talde horri bidea moztu zieten «polizia indarrek eta herritarrek», eta horiei iskin egiteko kalteak eragin zituzten etxebizitzetan, su eman zieten hainbat edukiontziri, sare elektrikoa kaltetu zuten eta eraso egin zieten poliziei eta aurre egin zieten herritarrei.

Joan den igandeaz geroztik, Poliziak hainbat lagun atxilotu ditu Kuban, protestekin lotuta. Cubalex AEBetan egoitza duen gobernuz kanpoko erakundearen esanetan, 150 bano gehiago dira atxilotuak eta ez dago inolako informaziorik horietako hainbaten kokapenari buruz. Salaketa hori bere egin dute hainbat elkartek; HRW Human Rights Watchek, besteak beste.

Herrialdeak bizi duen krisi ekonomikoa eta pandemiaren aurkako kudeaketa salatu dituzte milaka manifestarik, joan den igandetik. Kexu agertu dira elikagai eta sendagai eskasiagatik eta sare energetikoaren mozketengatik. «Diktadura» amaitzearen aldeko leloak oihukatu entzun dira protestetan, eta «askatasuna» aldarrikatu dute.

«Desegonkortze kanpaina»

Diaz-Canel presidenteak «iraultza defendatzeko» eskatu zien herritarrei. Kubak dituen zailtasun ekonomikoek eta pandemiak egoera gehiago okertu izanak herritarrengan «haserrea» eragin duela aitortu bazuen ere, AEBei leporatu zien egoera hori baliatzen saiatzea eta protestak sustatzen aritzea, herrialdea desegonkortzeko helburuarekin.

Ildo beretik mintzatu zen atzo Bruno Rodriguez Atzerri ministroa. Protestak AEBetatik zuzendutako kanpaina batek sustatu dituela ziurtatu zuen. Sare sozialetan kontu faltsuak eta robotak erabiliz, Proactivo Miami Foundation Inc enpresak #SOSCuba traola mundu mailan joera bihurtu zuen, ministroaren esanetan. Traola horren aterkipean, robotek «milioika mezu» zabaldu zituztela esan zuen, eta edukien «manipulazioa» gaitzetsi. Rodriguezen arabera, Egipto, Argentina eta Venezuelako irudiak zabaldu zituzten Kubakoak bailiran, protestak izan zirenak baino jendetsuagoak bailiran aurkezteko.

Ministroaren iritziz, Twitterrek muzin egin dio spam mezuen kontra indarrean dituen politikak ezartzeari, nahiz eta Kubako Gobernuak erabilera arauen urraketak salatu zituen. Kanpainaren «konplize» izatea egotzi zion sare sozialari.

AEBek Kubako herritarrei laguntzeko egiazko borondatea badu, «blokeoa malgutzeko erabakiak» hartu ditzaketela nabarmendu du Rodriguezek.

Etxe Zuriak, berriz, «herriaren ahotsa errespetatzeko» eskatu zioten atzo Kubako Gobernuari, eta protestetan atxilotutakoak askatzeko galdegin zuen. Igandetik internet zerbitzuan izan diren mozketak ere kritikatu zituen. Sarea berriz ere martxan jartzeko eskatu zion Ned Price AEBetako Estatu departamentuko bozeramaileak Habanari. Haren esanetan, Kuban izan diren protestak ez dira AEBen esku hartzeen ondorio, Kubako Gobernuaren «kudeaketa txarraren eta ustelkeriaren» ondorio baizik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.