Sare sozialetan eztabaida sortu du Guggenheimek 'Puppy' «biziberritzeko» abian jarri duen kanpainak

100.000 euroko finantzaketa kolektiboko kanpaina jarri dute martxan eskultura konpontzeko. Guggenheim fundazioak hartutako erabakiaren aurka agertu dira hainbat erabiltzaile Twitterren.

'Puppy'-ren irudia Guggenheim museoaren atarin. MARISOL RAMIREZ, FOKU
Oihane Puertas Ramirez.
2021eko uztailaren 14a
17:10
Entzun

Bilboko Guggenheim museoak 100.000 euroko finantzaketa kolektiboko kanpaina bat hasi du Puppy eskultura konpontzeko. Kanpaina ekainaren 23an jarri zuten martxan, eta zenbait arrazoi direla medio, eztabaidagai bihurtu da sare sozialetan.

Twitterren, esaterako, zera adierazi du erabiltzaile batek: «Puppy mantentzeko jendearen laguntza eskatzen duzue, garbiketako langileen greba eskubidea mugatzen duzuen bitartean, erakundeen laguntzarekin». Izan ere, museoko garbitzaileak greban daude ekainaren 8tik, soldata eta lan baldintza duinen alde, soldata arrakala eta prekaritatea gainditzeko. Museoaren balioak «eztabaidagarriak» direla ere esan dute erabiltzaileek. «Greban dauden garbitzaileen baldintzak hobetzeari baino garrantzia handiagoa ematen diolako Puppy konpontzeko kanpaina bat egiteari», idatzi du, adibidez, batek.

Beste txiolari batzuek salatu dute Guggenheim fundazioak dirurik ez duela konponketa lan horietarako, baina bai Urdaibain (Bizkaia) museoaren hedapena egiteko. Duela aste batzuk nabarmendu zuen Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak Urdaibaiko Guggenheim berria «bai edo bai» egin beharreko proiektua zela, Europako Batasunaren laguntzak jaso edo ez.

23 urte daramatza Puppy eskulturak Bilboko Guggenheim museoaren atarian, eta Ainhoa Sanz museoko kontserbazio arduradunak azaldu duenez, urteetan zehar antzeman dituzten arazoak konpontzeko unea iritsi da. Konponketa gastuei aurre egiteko jarri zuten abian BiziberrituPuppy kanpaina, eta 10.000 euro baino gehiago lortu dituzte dagoeneko. Eskulturaren ureztatze sistema konpontzeaz gain, gaueko argiztapenean ere hobekuntzak egingo dituzte, «beste kalitate dramatiko eta eszenografiko bat emateko». 2021eko irailean, urrian eta azaroan egingo dituzte konponketa lanak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.