Ekinaren ekinez irabazi du Pogacarrek

Tourreko lidertza are gehiago sendotu du Pogacarrek, Porteten irabazita. Ia bukaerara arte eutsi diote Vingegaardek eta Carapazek. Uranek ia bi minutu galdu ditu.

Tadej Pogacar gaurko Tourreko etapa garaipenaren ondoren. CHRISTOPHE PETIT-TESSON / EFE
enaut agirrebengoa
2021eko uztailaren 14a
19:06
Entzun

Handia da maillot horia soineratzea. Are handiagoa, horiz jantzita etapa bat irabaztea. Eta zer esanik ez, elastiko preziatuarekin Tourreko bukaerarik gogorrenean nagusitzea. Horixe egin du gaur Tadej Pogacarrek (UAE), Portet beldurgarrian bukatu den 17. etapan. Lidertzari euste hutsa ez zuen aski, eta garaipena lortuta, ginga jarri dio osatzen ari den lasterketa bikainari. Ez da Alpeetan bezain nagusi izan, eta amaierako esprintean utzi ditu atzean Jonas Vingegaard (Jumbo Visma) eta Richard Carapaz (Ineos). Ziurrenik bi txirrindulari horiek igoko dira Pogacarrekin batera Parisko podiumera; Rigoberto Uran (Education) bigarren zegoen nagusian, baina kale egin du Porteko igoera bortitzean, eta ia bi minutu galdu. 1.34ra gelditu zaio hirugarren postua.

Distira apur bat galdua zen Pogacarren maillot horia. Esloveniarrak makalaldia izan zuen Mont Ventouxen, eta Andorran ez zituen zalantzak erabat uxatu. Iraultzarako aukera egon zitekeen oraindik. Gaur, ordea, guztiz zapuztu du aurkariek izan zezaketen itxaropena. Peyresourde, Val Louron eta Portet kateatu dituzte azken kilometroetan, eta maldan gorako lanari ekin orduko, liderrak lanean jarri du taldea. Hots, erasoaren bidetik defendatu nahi zuen 8. etaparen ostean lorturiko elastikoa. Helmugatik 8,5 kilometrora egin du lehen saiakera, Rafal Majkak (UAE) jarritako erritmo itogarriari jarraipena emanaz. Airean aurreratu du Anthony Perez (Cofidis), eguneko ihesaldiko ziklistarik indartsuena. Vingegaard eta Carapaz izan dira liderrari eusten bakarrak.

Bakarkako erakustaldia egin nahi zuen Pogacarrek, eta temati jarraitu du erasoka; alferrik, ordea. Vingegaardek erreleboak eman dizkio, Carapazek gurpilean zirauen bitartean, nekatu plantak egiten. Ekuadortarrak, ordea, ez die zira sartu, eta gehien ahalegindu denak altxatu ditu besoak helmugan; liderrak berak, alegia. Hirukotearen ostean, David Gaudu helmugaratu da, 1.19ra; gero, Ben O´Connor, 1.26ra; eta hortik gutxira iritsi da Pello Bilbao (Bahrain), zazpigarren postuan, 1.44ko atzerapenarekin. Hartara, eutsi egin dio sailkapen nagusiko hamargarren postuari. Pogacarrek lasterketa puskatu aurretik, gernikarrak egin du lehen erritmo aldaketa. Berme handia eskaintzen du itzuli handietako hirugarren astean.

Azken etapa menditsua jokatuko da bihar, Paue eta Luz Ardiden artean. Gaur bezala, gogortasuna bukaeran egongo da metatuta, Tourmaletera eta Luz Ardidenera egin beharreko igoerekin. Azken zalantzak argituko dira, larunbateko erlojupekoaren aurretik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.