Indarkeria matxista

Hamazazpi eta hamasei urteko kartzela zigorrak, Orkoiengo talde bortxaketako hiru auzipeturi

Auzitegiak beste bi akusatuak absolbitu ditu.

Orkoienen sexu eraso horren aurka iaz egin zen bilkura bat. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
Oihane Puertas Ramirez.
2021eko uztailaren 15a
10:55
Entzun

Nafarroako Probintzia Auzitegiko Lehen Atalak jakinarazi duenez, hamazazpi eta hamasei urteko kartzela zigorrak ezarri dizkiete Orkoiengo (Nafarroa) talde bortxaketan parte hartu zuten hiru akusaturi. Biri hamazazpi urtekoa: bederatzi urtekoa sexu erasoarengatik, eta zortzi urtekoa, besteak egindako sexu erasoaren delituaren «beharrezko laguntzaile» izateagatik. Hirugarren akusatuari dagokionez, epaileen ustez, bere «sexu harremana onartua» izan zen, baina hamasei urteko espetxe zigorra ezarri diote, beste bi bortxaketen «beharrezko laguntzaile» izateagatik. Hiru auzipetuek 100.000 euroko kalte-ordaina eman beharko diote biktimari, eta hamabost urtez ezingo dute biktimarengana hurbildu, ezta harekin komunikatu ere. Auzitegiak errugabetzat jo ditu beste bi akusatuak.

2019ko azaroaren 29an gertatu zen erasoa, Orkoienen; bost gizonek taldean bortxatu zuten 23 urteko emakume bat. Biktima akusatuetako batekin jarri zen harremanetan sare sozial baten bidez. Azaroaren 29an elkartu zen emakumea akusatuetako batekin. Epaiaren arabera, neskak «bere borondatez» onartu zuen akusatuetako batekin sexu harremanak izatea. Azaldu dutenez, inputatu horrekin egon ondoren, beste bi auzipetuek emakumearen «borondatearen aurka» egin zituzten beren sexu erasoak. Absolbitutako bi akusatuei dagokienez, bat ibilgailuan gelditu zen, eta, auzitegiaren arabera, ez dute egiaztatu besteak sexu erasoan parte hartu zuenik.

2021eko ekainaren 21ean hasi zen bost gizonen aurkako epaiketa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian. Ateak itxita egin zen, eta fiskalak 54 urteko kartzela zigorra eskatu zuen lau akusaturentzat. Bosgarren auzipetuari dagokionez, fiskalak 52 urte galdegin zituen harentzat. Epailearen ustez, pertsona horrek ez zuen eraso fisikorik egin, baina «beharrezko laguntzaile» izan zen eraso guztietan. Defentsek, bestalde, absoluzioa eskatu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.