Arabako lurren defentsan manifestazioa deitu dute urriaren 23rako, Gasteizen

AHTrik ez!, Arabako Mendiak Aske, Elikadura Iraunkorraren Aldeko Mugimendua eta Proiektu Honi Ez (Arratzua-Ubarrundia) herri plataformek antolatuko dute.

Manifestazioa deitzeko agerraldia, gaur Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
unai etxenausia
2021eko uztailaren 15a
14:08
Entzun

«Araba Bizirik! Lurra defendatuko dugu!» lelopean manifestazioa deitu dute urriaren 23rako, Gasteizen. AHTrik ez!, Arabako Mendiak Aske, Elikadura Iraunkorraren Aldeko Mugimenduak eta Proiektu Honi Ez! Planta fotovoltaikoen aurkako Arratzua-Ubarrundiako herri plataformak egin dute protestarako deia, Gasteizko Probintzia plazan egindako prentsaurrekoan. Dagoeneko abian dauden «industria makroproiektuak berehala geldiaraztea» eskatu dute: zentral eolikoak, parke fotovoltaikoak eta AHTaren proiektua, hain zuzen ere.

Roberto Ruiz de Arkaute Proiektu Honi Ez! plataformako kidea lurraldeko mendilerroak berdin mantentzearen alde mintzatu da, eta «zatiketa» saihestu behar dela esan du: «Mendilerroetan eraiki nahi dituzten zentral eolikoek lurraren zatiketa ekarriko dute, animalia eta landare espezieen galera». Parke fotovoltaikoek, aldiz, bertako nekazaritza eta abeltzaintza jarduera «arriskuan» jarriko dituela salatu du Ruiz de Arkautek. Eta AHTaren egungo trenbidearen paralelo doan plataforma berriak ere, ondorio natural, sozial eta ekonomiko «neurrigabea» izango duela ohartarazi du: «Trantsizio energetikoa, energia berriztagarrien sustapena eta tren garraio azpiegituren hobekuntza aitzakia hartzen dituzte makroproiektuak aurrera eramateko».

Multinazionalek Eusko Jaurlaritzaren babesarekin eraikiko dituzten proiektuak direla azpimarratu nahi izan du Ruiz de Arkautek. Esan duenez, proiektuek, besteak beste, landa eremuetako bizimodua, natura eremuen kontserbazioa, lurralde-subiranotasuna, mendien jabetza publikoa eta nekazaritza zein abeltzaintza eredu jasangarrien «galera» ekarriko lukete. Eragileen ustez, enpresek eta gobernuak ustezko balio sozialaren argudio «engainagarriak» erabiltzen dituzte diru publiko kopuru handiak erabili ahal izateko eta Next Generation Europako funtsak jasotzeko, eta «soil-soilik» etekin ekonomikoa dute helburu.

Zenbait eskakizun egin ditu Aitor Armentia Arabako Mendiak Aske plataformako kideak. Esan du premiazkoena proiektuak geldiaraztea dela, eta «babesean zein errespetuan» oinarritutako Lurralde Plan Sektorial bat aurrera eramatea. Horretarako, Armentiaren ustez, herri eta kontzejuen «subiranotasuna defendatu» beharra dago. Fotovoltaikoen kasuan, berriz, nekazaritzarako erabiltzen ez diren lurrak erabiltzea eskatu du. Eta, AHTaren ordez, tren sozialaren aldeko apustua egitea proposatu du, egungo trenbideak «modernizatuta».

Herritarrei deia

Armentiak jendeari protestan parte hartzeko dei eginaz bukatu du agerraldia: «Ondarea defendatzeko betebeharra dugu, gure gizartearen osasunerako ezinbestekoa dena. Lur komunak izatea lortu behar dugu etorkizuneko belaunaldientzat». Antolatzaileek ez dute jakinarazi protestaren nondik norakoak oraindik, baina urriaren 23ko manifestaziora batu daitezen eskatu diete: «Hiriak arriskuan dauden landa eta ingurumen eremuak beharrezkoak ditu. Indarrak batu ditzagun bere defentsan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.