Abuztua Donostian

Donostiako Festak sailak abuzturako 183 kultur jarduera antolatu ditu

Berrikuntza moduan barraken gunea ezarriko dute, eta Jon Insaustik, kultur zinegotziak, azpimarratu du ez direla inondik inora jaiak edo “ez-jaiak”

Jon Insausti festetako zinegotzia kartelarekin. ANDONI CANELLADA / FOKU
Ane Markina Auzmendi.
2021eko uztailaren 16a
13:45
Entzun

Jon Insausti kultur zinegotziak Abuztua Donostian egitaraua aurkeztu du gaur goizean. Orotara, 183 kultur jarduera prestatu dituzte. Musika, kale antzerkia, zinema eta haurrentzako jarduerak izango dira protagonista, abuztuko aste guztietako ostegun eta igande artean. Jarduera horiek hiriko hamabi auzotan egingo dira: Aiete, Altza, Intxaurrondo, Egia, Gros, Amara Berri, Amara Zaharra, Bidebieta, Erdialdea, Antigua, Parte Zaharra eta Loiolako Erriberan. Insaustik gaineratu duenez, “egitarau hau ez da jai egitarau bat, ezta 'ez-jai' egitarau bat ere. Izan ere, aurten ere ez dago jairik”.

Aurtengo nobedade nagusiena barraken gunea izango da, abuztuaren 1etik 15era Pasealeku Berrian jarriko dute. Guztira 28 barraka jarriko dituzte, haur zein helduentzat. Haurrenak kaiko sarreratik gertu jarriko dira, eta, aldiz,  8 urtetik gorakoenentzako Oteizaren eskulturaren ondoan dagoen eremuan.  Horiek 16:30etik 23:30era arte egongo dira zabalik, COVID-19aren neurriak errespetatuz. Donostiako Festak-eko langileek kontrolatuko dute Pasealeku Berriaren edukiera, eta gertu hainbat pantaila jarriko dituzte aforoa kontrolatzeko asmoz; Ijetea, Portaletak, Apaizen Pasealekua eta Argazkilaritza elkartean. Horrela, uneoro jakin ahal izango da barraken gunearen egoera: gorriz, laranjaz ala berdez adieraziko da. Kultur zinegotziak aipatu du barraketako langileek formakuntza egingo dutela segurtasun neurrien inguruan, esperientzia ahalik eta seguruen izan dadin.

Horrez gain, Erraldoien erakusketa jarriko dute San Telmo Museoan. Aurten ez da Donostiako Erraldoi eta Buruhandien desfilerik antolatuko, baina hala ere gertutik ikusteko aukera egongo da abuztuaren 1etik estropaden bigarren igandera arte. Bertan, Erraldoien lau bikoteak -Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa ordezkatzen duten erraldoiak-, ikusi ahal izango dira. San Telmoko klaustroan jarriko dira eta erraldoi bikote bakoitzaren inguruko informazioa edukiko dute karteletan. Horietan, historia eta jantzien ezaugarriak azalduko dira.

Bestalde, jarduera tradizionalez aparte, berrikuntza gehiago egongo dira: Skate street, zinema kalean eta  argia eta dantza batuta antzezpena. Azken hori kostako hiru eskulturetan egingo da. Kultur jarduerei dagokienez, Insaustik honakoa adierazi du: “Hiritar eta sektoreari zuzendutako kultur eta kirol jarduerak dira. Eta horiek guztiak gune eta edukiera kontrolatuetan egingo dira, behar diren osasun neurri guztiekin”. Jardueren guneetan gehieneko edukiera egongo da eta sarreran zehaztuko da aforoa. Hainbat jardueretarako aldez aurretik izena eman beharko da www.abuztuadonostian.eus webgunean. Gainera, eremu guztietan musukoaren erabilera beharrezkoa izango da eta gune bakoitzeko sarreran edukiera kontrolatuko da. Publikoak eserita egon beharko du, pertsona arteko 1,5 metroko distantzia errespetatuz. Bestela ere, jardueretan ezingo da jan, edan, erre edota bapeatu. Neurriak betetzen direla egiaztatzeko, Donostiako udaltzainek eta ertzainek batera lan egingo dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.