Albistea entzun

Hazkundea

Ekonomiaren hazkundea azkartuz doa: %2 hazi da apiriletik ekainera

Lehen hiruhileko eskasaren ostean, BPGa sendo hazi da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Iazko epe beraren aldean, %18,5ekoa da hazkundea

Behargin bat lanean Idiazanaldo AMPO kooperatiban.
Behargin bat lanean Idiazanaldo AMPO kooperatiban. GOTZON ARANBURU / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Xabier Martin -

2021eko uztailak 19 16:45

Kutsatze gehiago eta ospitaleratze gutxiago eragiten ari den pandemiaren olatu berriak ziurgabetasun gorena ekarri du berriro ekonomiaren hazkunde aurreikuspenetara, edo beste modu batera esanda: ekonomiaren aurtengo errebotea zenbatekoa izango den kalkulatzeak inoiz baino arrisku handiagoa dauka erratzeko. Edonola ere, urteko bigarren hiruhilekoak albiste onak utzi ditu: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomiak hazten jarraitzen du laugarren hiruhilekoz segidan, eta urte hasieran izandako geldialdiaren ondoren (%0,2), BPG barne produktu gordina %2 hazi da apiriletik ekainera.

Hau da, ekonomiaren abiadura azkartuz doa, industriak eta haren esportazioek bultzatuta batik bat, eta laino beltz handienak zerbitzuetan daude oraindik ere, betiere turismoari lotuta. Birusaren oldarraldi berriak urte bukaerako emaitzan nola eta zenbat eragin dezakeen galdera ikur handi bat da orain, baina ez dago zalantzarik ekonomiaren jarduera batzuk motorrak berotu dituztela. Pandemiari aurre egiteko neurriek eragina dute oraindik ere, baina begien bistakoa da munduko zenbait merkatu sendo ari direla eta, euskal industriaren nazioartekotze maila altuari esker, esportazioak ekarpen handia egiten ari direla. Hala, urte arteko tasan %18,5eko hazkundea islatzen du adierazleak, nahiz eta hazkunde erraldoi horrek ez duen askorik adierazten, konfinamendu beteko hiruhilekoarekin alderatzea espero zitekeena baizik ez baita.

Irailean berretsi beharrekoa

Eusko Jaurlaritzak, errebotea zenbatekoa izango den aurreikusteko azken gaurkotzean, %6,7ko hazkundea azpimarratu du, aurreko aurreikuspena ia bi puntu apalduta —%8,6koa zen—. Pandemia eragiten ari den ziurgabetasun handiak 2021eko errebotea apaltzera eraman zuen gobernua. Urteko lehen erdian, hazkunde pilatua %2,2koa baizik ez da izan, eta bigarren erdian ekonomiaren abiadurak dezente bizkortu beharko du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, Gasteizko gobernuaren %6,7ko helburu hori bete dadin.

Edonola ere, urteko bigarren hiruhilekoarentzat kalkulatua zuena baino gehiago hazi da BPGa, %18,1eko urte arteko tasa aurreikusi baitzuen Lakuak, eta %18,5erainokoa da aldea.
Enpleguari dagokionez, lanaldi osoko lanpostuak kontuan hartuz, %2,1 hazi da 2021eko bigarren hiruhilekoan, aurreko epealdiaren aldean. Irailaren 17an emango ditu Jaurlaritzak ekonomiaren hazkundearen aurrerapen honen xehetasun gehiago, eta, beharbada, doikuntzak egongo dira. Familien kontsumoa %19,4 haziko dela aurreikusi du gobernuak (urte arteko tasan), eta %4,5 administrazio publikoarena. Industriaren hazkunde handia aurreikusi du, era berean, %30ekoa kasik, eta 15,7koa zerbitzuetan. Eraikuntzari ere hazkunde aurreikuspen handia dagokio, ia %17koa. Datu horiek iraileko txosten zabalagoak berretsi beharko ditu, dena den.

Aurtengo hirugarren hiruhilekorako, %6ko hazkundea aurreikusi du Gasteizek, urte arteko tasan betiere, eta urteko azken hiru hilabeteetarako kalkulatutakoa %7,4koa da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Euskaltelen egoitza nagusia, Derion. ©Luis Tejido / Efe

Bezeroak irabazten dituela eta dirua galtzen duela sartuko da Euskaltel Masmovilen

Iker Aranburu

Kablea ordezkatzeak 5,5 milioi euroren galerak ekarri dizkio urteko lehen erdian Euskalteli. Ostiralean amaituko da Masmovilen eskaintza onartzeko epea.

Lanbideren bulego bat ©Raul Bogajo (Foku)

ELAk salatu du DSBEaren aurreproiektuak murrizketak ezartzen dituela

Jokin Sagarzazu

Sindikatuak dio onuradunek jaso beharko luketena baino 200-300 euro gutxiago jasoko dutela.

 ©Aritz Loiola / Foku
Tubacexeko langileak, Laudioko lantegiaren aurrean ©Aritz Loiola (Foku)

Tubacexek 23,3 milioi euroren galerak izan ditu lehen seihilekoan

Jokin Sagarzazu

Taldearen berregituraketa «amaitutzat» eman du konpainiak, Laudioko eta Amurrioko lantegietan izan ezik. Urtearen bigarren zatian «emaitzak pixkanaka hobetzea» espero du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.