Nafarroako Gobernuak bidali du foru agindua Auzitegi Nagusira

Auzitegiko iturriek azaldu dutenez, ziurrenik bihar hartuko du erabakia administrazioarekiko auzietako epaileak

Gauean, Iruñeko Alde Zaharra. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
2021eko uztailaren 19a
13:04
Entzun

Auzitegietako galbahea pasatu behar du Nafarroako Gobernuak ezinbestean. Ostiralean, azken egunetako kasu gorakada geldiarazteko asmoz, hiru neurri iragarri zituen Nafarroako Gobernuak, eta Santos Indurain Osasun kontseilariak iragarri zuen nahikoa elementu dituztela berriz ere mugikortasuna mugatzea eskatzeko.

Hala ere, Nafarroako Auzitegi Nagusiaren eskuetan dago erabakia. Gaur bertan bidali dio foru agindua, eta, auzitegiko iturriek azaldu dutenez, ziurrenik bihar iritsiko da erabakia.

Erabaki hori iritsi zain, bihar ezagutaraziko du Nafarroako Gobernuak foru aginduaren eduki zehatza. Hiru neurri nagusi izango dira. Alde batetik, muturreko arriskua duten tokietan, gaueko jarduerarik ez da egongo 01:00etik 06:00etara. Kanpoan, gehienez hamar lagun bil daitezke, eta kalejirak debekatu egingo dira.

Foru aginduan zehaztuko da zer herri eta hiri dauden azken hamalau egunetan 250 kasuren eta azken zazpi egunetan 125 kasuren intzidentziarekin. Indurainek ostiralean aurreratu zuen une hartan «Nafarroaren %80k» betetzen zuela baldintza hori, eta, azken hiru egunetako bilakaera ikusita, baliteke ehunekoa handitzea.

Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietako epaileak oniritzia emango balio foru aginduari, asteazkenean sartuko litzateke indarrean, eta printzipioz uztailaren 29ra arte iraungo luke. Indurainek aurreratu du intzidentzia beheratu ezean neurrioi eusteko asmoa dutela. Aintzat hartu behar da aurretik ezarrita dauden neurriek ere indarrean jarraituko dutela.

Gobernuaren arabera, oreka gorde nahi dute: batetik, «ezinbestekoa den gutxienekoa» egin, eta, bestetik, horrek ahalik eta eragin txikiena izan dezala arlo ekonomikoan, sozialean eta emozionalean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.