Arabak sei eguzki parke izango ditu 3.000 etxe hornitzeko

Foru Aldundiak eta Energiaren Euskal Erakundeak sei energia kooperatiba eratzea bultzatuko dute, Ekiola kooperatibaren bidez. Bertan, herritarrek parte hartuko dute beren hornidurarako eguzki energia sortzen eta kudeatzen.

Plaka fotovoltaikoak, Pitilasen (Nafarroa). IDOIA ZABALETA/ FOKU
unai etxenausia
2021eko uztailaren 19a
17:18
Entzun

Arabako Foru Aldundiak eta Energiaren Euskal Erakundeak sei energia kooperatiba eratzeko hitzarmena sinatu dute. Ekiola kooperatiba ereduaren bitartez eguzki parke fotovoltaiko bana instalatuko dute Añana, Aiara, Mendialde, Arabako Lautada, Arabako Errioxa eta Gorbeialdeko kuadrilletan. Helburua da 3.000 familia hornitzea.

Josean Galera Ingurumen eta Hirigintza diputatuak eta Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak aurkeztu dute proiektuen sorrera, Gasteizen. Parke bakoitzak megawatt bateko potentzia izango du, eta hektarea bateko azalera okupatuko du. Gainera, arduradunek azaldu dutenez, «nekazaritza balio eskasa duten» lurzoruetan kokatuko dituzte plakak.

Galerak azaldu du, ordea, kokapenak oraindik ez daudela zehaztuta. Izan ere, lehenik eta behin, lurzorua identifikatu behar da, eta parke fotovoltaikoak martxan jartzeko baimenak eskuratu gero. Lehen panel fotovoltaikoak «datorren udan» martxan jartzea aurreikusi du, halere.

Herritarren autokontsumorako egitasmo bat da, eta, beraz, parkeen «bazkide» izango dira egitasmoan izena ematen dutenak. Hala, herritar bakoitza «bere instalazioaren jabe» izango da, «kooperatibaren % 51 herritarrek ordezkatuko dutelako».

Araban, etxebizitzetan kontsumitzen den energia guztiaren %8 da soilik berriztagarrien bidez ekoitzitakoa, «urtean 1,5 milioi megawatt orduko», herrialdeak oro har urtean gastatzen dituen 12 milioi megawattetatik. Ansolak azaldu duenez, Ekiola ekimenak Arabako 33 herriren «interesa» piztu du, baina Gasteiz ez dago herri horien artean.

Berriztagarrien eztabaida

Sei eguzki parke horiez gain, beste sei eraikitzeko asmoa iragarri dute zenbait enpresa pribatuk. Eta horiek instalatzeko lur bila ari dira, besteak beste, Lautadan eta Añanan. Bertako nekazariek «presioak» eta «mehatxuak» salatu dituzte. Bada, Galerak adierazi du parke horiek ere «beharrezkoak» direla herrialdeak dituen behar energetikoak asetzeko. Hala ere, azpimarratu du ez dutela «proiektu sendorik» ikusi.

Hain zuzen, energia berriztagarriekin lotutako eta bestelako «industria makroproiektu» handien aurkako manifestazioa deitu dute urriaren 23rako, Gasteizen, «Araba Bizirik! Lurra defendatuko dugu!» lelopean. AHTrik ez!, Arabako Mendiak Aske, Elikadura Iraunkorraren Aldeko Mugimenduak eta Proiektu Honi Ez! Planta fotovoltaikoen aurkako Arratzua-Ubarrundiako herri plataformak egin dute protestarako deia. Besteak beste, dagoeneko martxan dauden «industria makroproiektuak berehala geldiaraztea» eskatu dute: zentral eolikoak, parke fotovoltaikoak eta AHTaren proiektua, hain zuzen ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.