Migrazioa

Belgikan gose greba egiten ari diren 430 migratzaileen egoerak «azkar» egin dezake okerrera

Bruselan bizi diren ehunka migratzaile gose greban daude duela bi hilabetetik, eta horietako batzuk egarri greba ere egiten ari dira igandetik. Grebalariek diote ez dutela etsiko gobernuak bizileku baimena eman arte.

Gose greba egiten ari diren migratzaileak okupatutako San Joan Bautista elizan, Bruselan. STEPHANIE LECOCQ / EFE
maddi iztueta olano
2021eko uztailaren 20a
16:45
Entzun

Kezka areagotu egin da aste honetan Belgikan, gose eta egarri greban dauden migratzaileek bizia gal baitezakete bizileku baimenaren esperoan. Bruselako San Joan Bautista elizan eta Unibertsitate Askeko bi campusetan bizi diren 450 migratzaile inguruk joan den maiatzaren 23an hasi zuten gose greba, helburu garbi batekin: Belgikako Gobernuak migratzaileen erregularizazio kolektiboa bermatzea. Herrialdean urte luzez bizi eta lan egin duten arren, gose greban dauden migratzaileek «legezko estatusaren gabezia» salatu dute.

Aldaketa handirik gabeko bi hilabeteren ostean, aste honetan okerrera egin du migratzaileen egoerak. Gose greba egiten ari ziren lagunetatik hogei inguruk pauso bat gehiago eman zuten herenegun: egarri greba egingo dute Belgikako Gobernuak beren eskariei erantzun arte. Gurutze Gorria eta Munduko Medikuak GKE gobernuz kanpoko erakundeek gose eta egarri grebaren arriskuaz abisatu zuten: «Migratzaileen egoera fisiko eta mentalak azkar egingo du okerrera grebak luze irauten badu».

Hain zuzen, ordu gutxian larritu zen egoera. Egarri greba hasi eta ordubetera, bi lagun eraman zituzten ospitalera. Hurrengo orduetan, gora egin zuen ospitaleratutako migratzaileen kopuruak. Gurutze Gorria erakundeak bidalitako mediku txosten bat irakurri ondoren, Belgikako Gobernuak medikuak bidali zituen hara igande gauean, hala nahi zuenak artatua izan zedin.

Migratzaile gehienak Asia hegoaldetik eta Afrika iparraldetik iritsi ziren Belgikara, eta urteak eman dituzte han bizitzen. COVID-19aren pandemiak eztanda egin baino lehen, migratzaile gehienek eraikuntzan egiten zuten lan. Osasun krisiak eragindako kalteen ondorioz, ordea, beren lanpostuak galdu eta beren bizia «arriskuan» ikusi zutela salatzen dute grebalariek: «Lana egiteko eskubidea besterik ez diot eskatzen Belgikako Gobernuari. Zergak ordaindu nahi ditut; nire seme-alabak hemen haztea nahi dut», adierazi zion gose greba egiten ari den migratzaile batek Reuters egunkariari.

Erabaki zehatzik ez

Migratzaileen eskariek mota guztietako erreakzioak eragin dituzte Belgikako politikan. Valoniako PS Alderdi Sozialistak mehatxu egin zion herenegun Alexander De Croo Belgikako lehen ministroari, migratzaileren bat hiltzen bada koalizio gobernua utziko duela. Halaber, Jean-Marc Nollet Valoniako Ecolo alderdi ekologistako kopresidenteak ere abisua eman zuen Twitterreko kontutik: «Gure ekintzak guztiz koherenteak izango dira gure hitzekin, eta halaxe jakinarazi diogu lehen ministroari».

Gobernuko ministroen ohartarazpenei erantzunez, Belgikako lehen ministroak herenegun esan zuen «arazoak sortu» beharrean haien lana «irtenbideak aurkitzea» dela, eta «herrialdeari komeni zaion azken gauza krisi politiko bat piztea» dela.

Hil honen hasieran Olivier De Schutter NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen eta Muturreko Pobreziaren arduraduna migratzaileen bizilekuan egon zen. Bisitaren ostean, De Schutterrek eta Felipe Gonzalez NBEko migratzaileen giza eskubideen arduradunak gutun bat bidali zioten Sammy Mahdi Belgikako Gobernuko Asilo eta Migrazio idazkariari, zeina, erregularizazio kolektiboaren alde egin ordez, migratzaile bakoitzaren egoera banan-banan ikertzearen alde dagoen. Gutun horretan bertan, «nazioarteko konpromisoak betetzeko» eskatu zioten Mahdiri.

Estatuko Asilo eta Migrazioko idazkariaren erantzunak ez zuen, baina, migratzaileen eskariarekin bat egin. Haren arabera, «gose greben araberako erabaki bat hartzeak, hau da, eskaera benetan izapidetu gabe bizileku baimena emateak funtsezko prozedura dena zentzugabezko bihurtuko luke». Oraintxe bertan, dokumentaziorik gabeko 150.000 migratzaile bizi dira Belgikan.

Hala ere, Paul Magnette Valoniako PSko presidenteak atzo jakinarazi zuen azken orduetan «aurrerapenak» egon zirela. Mahdik egoera kudeatzeko bitartekari bat izendatu zuen, eta elkarteekin hitz egitea onartu.

Ikusteko dago datozen egunetan zer erabaki hartuko duen Belgikako Gobernuak, baina bitartean ehunka migratzaile gosez eta egarriz hiltzeko arriskuan daude. Dena den, haiek argi dute: «Dokumentazioa jasotzeko hil egin behar badugu, hil egingo gara. Gu ere Belgikako herritarrak gara».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.