Arrantza

Bizkaiko golkoko antxoaren stocka: 170.000 tonako behin-behineko biomasa

Aztik egindako kalkuluaren arabera, "espeziearen iraunkortasuna bermatuta dago". Euskal ontziek 8.600 tona harrapatu dituzte aurten. Lonjako batez besteko prezioa 1,41 euro izan da, iaz baino hiru zentimo gehiago.

Antxoa deskargatzen Getarian, aurtengo martxoan. GORKA RUBIO / FOKU
xabier martin
2021eko uztailaren 21a
12:44
Entzun

Bizkaiko golkoan kalkulatutako antxoaren behin-behineko biomasa 170.000 tona ingurukoa da aurten, Eusko Jaurlaritzak AZTI zentro teknologikoaren bidez bultzatutako Bioman kanpaina zientifikoaren datuen arabera. 2021eko azterlanean kalkulatutako antxoaren stocka, gainera, 21.000 tonatik oso gora dago, "espeziearen iraunkortasuna bermatzen duen gutxieneko baliotik" gora.

Bioman kanpainaren datuak, antxoa helduen egoera ebaluatzen dituztenak, gaur aurkeztu dituzte Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuorde Bittor Orozek, Arrantzarako zuzendari Leandro Azkuek eta AZTIko zuzendari nagusi Rogelio Pozok. Biomasari buruzko datu positiboez gain, ikerketaren arabera, aleen %70,1 adinekoak dira. "Horrek esan nahi du datorren urteko kosterak ere emaitza positiboak izango dituela".

Oroz sailburuordeak esan du datuek "argi eta garbi" erakusten dutela "antxoaren egoera ona". "Antxoa dugu arrantzarako funtsezko baliabidea Euskadin. Bioman kanpaina funtsezko tresna da gure itsasoen eta haiek ematen dizkiguten baliabideen egoera ezagutzeko, eta ingurumena zaintzeko, euskal arrantza sektorearen iraunkortasunerako". Aurtengo antxoaren kosterari buruzko datuei dagokienez, sailburuordeak adierazi du euskal ontziek 8.600 tona harrapatu dituztela. Lonjako batez besteko prezioa 1,41 euro izan da, eta iaz, berriz, 1,38koa izan zen.

Datorren urterako kanpaina ona iragarri dute

Rogelio Pozok azpimarratu duenez, "emaitzek azken urteetako joera positiboa erakusten dute". Halaber, urteko bateko ale asko daudela nabarmendu du. "Hala, datorren urterako kostera ona izango dela iragar daiteke; baikortasunerako gonbita egiten duen beste datu bat da". Antxoaren biomasaren behin betiko balioespena lortzeko, kanpaina hauetan lortutako emaitzak batera aztertuko dira: Bioman 2021 kanpaina (helduak-MPDH), Pelgas 2021 kanpaina (helduak-akustikoa), Juvena 2021 kanpaina (gazte-akustikoa) eta ontzien harrapaketak. 2021eko azaroan egingo da behin betiko azterketa, CIEM WGHANSAko antxoaren, sardinaren eta txitxarroaren lantaldean.

Bioman kanpaina zientifikoa Eusko Jaurlaritzako Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzak eta Europako Batzordeak finantzatzen dute. Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Arrantza Idazkaritza Nagusiaren laguntza ere badu, Emma Bardan eta Vizconde de Eza ontzi ozeanografikoak kanpainaren esku jarriz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.