Memoria historikoa

1936ko gerran izandako bonbardaketak zerrendatu ditu Eusko Jaurlaritzak

Beatriz Artolazabalek iragarri du Jaurlaritzak Gobernu Kontseilura eramango duela Memoria Historikoaren Lege egitasmoa uztailaren 27an

Gernikako bonbardaketa gogoratzeko ekitalda, joan den apirilean. ARITZ LOIOLA / FOKU
gotzon hermosilla
2021eko uztailaren 21a
13:28
Entzun

Bonbardaketen atlasa Euskadin (1936-1937) izeneko liburu mardula aurkeztu du Eusko Jaurlaritzaren Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak. Xabier Irujo ikerlari eta Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroko zuzendaria da lanaren egilea, eta han jasotzen dira 1936ko uztailetik 1937ko abuztura bitartean Euskal Herrian egindako 1.220 bonbardaketa operaziori buruzko datuak.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek aukera baliatu du iragartzeko Eusko Jaurlaritzak uztailaren 27an eramango duela Gobernu Kontseilura Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoaren Legearen aurreproiektua.

«Inork ez dezala gure aurreproiektuan bilatu mendeku edo mendeku hartzeko asmorik», esan du Artolazabalek; «inork ez dezala etorkizuneko lege honetan konfrontaziorik bilatu, ezta bando eta lubakien politikak berpizteko asmorik ere; baina irmotasun berarekin esan nahi dut ahaztea eta orrialdea pasatzea ez dela aukera bat».

2.000 bonbardaketa

Xabier Irujok azaldu duenez, dokumentazioa aztertuta jakin dute denbora tarte 1.220 bonbardaketa operazio egin zituztela. Hala ere, bonbardaketak gehiago izan ziren: izan ere, bonbardaketa operazioa da aire unitate batek edo batzuek egun bakar batean helburu bakar bati egindako eraso multzoa, baina operazio bakoitzean bonbardaketa bat baino gehiago egin daitezke. Artxanda mendia jarri du Irujok horren adibidetzat: frankistak Bilbo hartu nahian zebiltzanean, operazio bakar batean eta egun berean 21 aldiz bonbardatu zuten Artxanda. Bildutako datuen arabera, 2.042 bonbardaketa zenbatu dituzte 1.220 operazio horietan.

Bonbardaketa horietatik gehienak, %92 inguru, frankistek egin zituzten, eta gainerakoak, errepublikaren aldeko indarrek. Gainera, frankistek egindako bonbardaketetan abioi gehiago eta hobeak erabili zituzten, eta askoz leherkari gehiago jaurti zituzten.

Hildakoei dagokienez, zaila da kopuru bat ematea. Gogora-ren datu basean agertzen diren biktimak aintzat hartuta, 1.441 pertsona hil ziren bonbardaketen ondorioz, baina Irujok uste du identifikatu gabeko biktimak askoz gehiago izan zirela. Adibidez, Gernikako bonbardaketa bakar-bakarrik aintzat hartuta, dokumentatutako biktimak 2.000 baino gehiago izan ziren, Irujok azaldu duenez.

Hain zuzen ere, Gernikako bonbardaketa mugarri izan zen zenbait arrazoirengatik. Irujok azaldutakoaren arabera, Francoren agindupean aritzen ziren alemaniarrek bonbardatze teknika berriak probatu nahi zituzten: Otxandio eta Durango (Bizkaia) izan ziren lehenak, Eibar (Gipuzkoa) hurrengoa, eta han ikasitako guztia praktikan jarri zuten Gernikan (Bizkaia). Horregatik, Gernikako bonbardaketa besteak baino suntsitzaileagoa izan zen, eta eraikinen %85,2 birrindurik gelditu ziren.

Beste ondorio bat ere izan zuen Gernikako bonbardaketak, eta horrek nazioartean piztu zuen haserreak: geroztik, Alemaniako eta Italiako armadetako arduradunek askoz agiri gutxiago egin zituzten antolatu zituzten bonbardaketen inguruan, eta zailagoa da horien arrastoari jarraitzea: "Prentsaren eta ahozko testigantzen bidez badugu zenbait bonbardaketen berri, eta horien agiririk ez dago, ordea". Zalla (Bizkaia) aipatu du Irujok horren adibidetzat: hango bonbardaketa oso larria eta bortitza izan zen, baina ia ez dago horren inguruko dokumentaziorik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.