Absolbitu egin dituzte 'Costumero auzian' epaitutako lau funtzionarioak

Bizkaiko Aldundiko Gizarte Ekintzako diputatu Sergio Murillo da horietako bat

Sergio Murillo eta Consuelo Alonso, epaiketaren hasieran, artxiboko irudian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Naroa Torralba Rodriguez.
2021eko uztailaren 21a
15:57
Entzun

Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzan umeen eta nerabeen babeserako arloan lan egiten duten lau funtzionario epaitu zituzten joan den ekainean, Bizkaiko Auzitegi Probintzialean. Irune Costumerok jarri zuen salaketa. Alabaren zaintza kendu zioten 2017ko abuztuan, GAS gurasoen alienazioaren sindrome faltsua argudio hartuta, eta Costumerok lau langileei leporatu zien prebarikazioa, tratu txarrak eta kalte psikikoak eragitea. Absolbitu egin dituzte denak.

Bizkaiko Foru Aldundia ere absolbitu egin dute arduradun zibil subsidiario gisa. Lau auzipetuetako bat Sergio Murillo da, egun aldundiko Gizarte Ekintzako diputatua; jada inputatua zela izendatu zuten kargu horretarako. Beste hirurak diputazioko haurren arretarako hiru langile dira. Akusazioak bost urteko espetxe zigorra eskatu zuen haientzat, eta hamabost urteko inhabilitazioa enplegu publikorako.

Epaiaren arabera, akusazioak azaldu dituen egitateak «ezin dira hartu prebarikazio administratibo delitutzat», eta gainerako delituak «egiaztatzeko ez da nahikoa frogarik aurkeztu». Epaiketan zehar zeresan handia eman zuen GASaren erabilerak —sindrome faltsu hori «existitzen» dela baieztatu zuen fiskalak—; diputazioaren txostenetan termino hori erabiltzearen inguruan, epaiak dio agiriak ez zirela ari «sindrome batez, baizik eta adingabean gurasoekiko harremanetan antzemandako sintomatologia batez, eragin zuena haietako baten aurka posizionatzea kausa justifikaturik gabe».

Costumerori alabaren zaintza kendu zion erabakiaz ere mintzatu da epaia: «Ez zen apetazkoa izan». Erabaki haren oinarrian hainbat txosten tekniko zeudela berretsi du, haurraren «babesgabetasun larrirako arriskuaz» ohartarazi zutenak, 2013tik aita-amek «arazoak» baitzituzten zaintza partekatuko erregimena betetzeko. Halere, epaiak dio adingabearen zaintzari buruzko erabakia hartu zutenak ez zirela jardun «injustiziaren jakinaren gainean». Beraz, ondorioztatu du prebarikaziorik ez zela izan.

Neskatoaren aurkako tratu txar eta lesio psikikoen delituei dagokienez, epaiak ez ditu frogatutzat eman. Ama-alabak banatu zituen unekoak dira akusazio horiek; Costumerok salatu zuen «bortxaz» eraman zutela adingabea —Ertzaintzaren patruila bat bertaratu zen—, eta «besotik gogor heldu» ziotela, baina, auzitegiaren aburuz, «han zeudenek ez dute halako jardun neurrigaberik egiaztatu». Epaiketan aurkeztutako audio batean umearen oihuak entzun ahal izan ziren, baina epaiak dio froga horrek ere ez dituela amaren «baieztapenak egiaztatzen»; epaileek aitortu dute audioan «zirrara eta tentsio handiak» antzeman daitezkeela, baina «egoera emozional hori hainbat kausaren» ondorio izan daitekeela. Halaber, epaiak ez du frogatutzat eman ama-alaben «sufrimendu psikologikoa akusatuen jardunari» egotzi dakiekeenik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.