Kuba

Bidenek Kubaren kontrako zigorrak handitu ditu

Alvaro Lopez Miera Indar Armatu Iraultzaileen ministroaren eta BEN Brigada Nazional Berezien aurkako neurriak hartu ditu Etxe Zuriak, eta zigor gehiagorekin mehatxu egin du Bidenek. «Informazioa eta irudiak manipulatu» izana egotzi dio Kubako Gobernuak AEBetakoari, eta «seriotasuna» eskatu dio.

Milaka lagun Kubako Gobernuaren aldeko protesta batean, pasa den larunbatean, Habanan. ERNESTO MASTRASCUSA / EFE
Julen Aperribai.
2021eko uztailaren 23a
11:56
Entzun

AEBetako Gobernuak Kubari ezarria dion blokeo ekonomikoa kentzeko eskariei entzungor egin, eta, kontrara, hango gobernuari zigorrak handitu dizkio. Altxor Departamentuak atzo jakinarazi zuen Alvaro Lopez Miera Indar Armatu Iraultzaileen ministroaren aurkako neurriak hartuko dituela, baita hark gidatutako BEN Brigada Nazional Berezien kontrakoek ere, Kuban azken egunetan izandako protestetan izandako jokabideagatik. Lopez Mierak eta brigada horretako kide guztiek AEBetan izan ditzaketen kontu korronteak blokeatuko dituzte, eta, halaber, AEBetako pertsona orori galarazi egingo diote haiekin negoziatzea.

Zigorrok «hasiera besterik» ez direla ohartarazi du Joe Biden AEBetako presidenteak, komunikatu batean, eta «Kubako herriaren zapalkuntzaren erantzule direnak» zigortzen jarraituko dutela. Altxor Departamentuak argudiatu du Lopez Mierak «funtsezko rola» izan zuela Kubako Gobernuaren aurkako protestetan, eta horietan «manifestariei eraso egin» zitzaiela, eta «atxilotu» eta «desagerrarazi» egin zituztela.

Magnitsky legean oinarritu dituzte zigorrak AEBek. 2012an, Barack Obamaren agintaldian onartu zuen Kongresuak, Errusiako hainbat ofizial zigortzeko, Sergei Magnitsky zerga abokatuaren hilketarengatik. Finantza aktiboak izoztea eta munduko edozein herrialdetako kideei bidaiatzeko aukera galaraztea baimentzen du legeak, besteak beste, Washingtonek giza eskubideen urraketak izan direla erabakitzen duen kasuetan.

Kuban esku hartzeko moduak aztertzen ari direla ere aurreratu zuen Bidenek. Azaldu zuen esku artean dutela «diru bidalketak» egitea, baina, edonola ere, ziurtatuz diru hori ez duela gobernuak «konfiskatuko». Julie Chung AEBetako Estatu Departamentuko bigarrenak herenegun adierazi zuen dirua zuzenean «Kubako familiei» bidaltzeko moduak aztertzen ari direla.

Sektore pribatua uhartera zabaltzeko ahaleginetan ere ari da Washington, eta Interneterako sarbidea ziurtatzearen izenean egin nahi du. Halaber, berriz ere langileak bidali nahi ditu AEBek Habanan duten enbaxadara.

Habanaren gaitzespena

Bruno Rodriguez Kubako Atzerri ministroak gaitzetsi egin ditu Washingtonen zigorrak eta esku hartzea, eta «informazioa eta irudiak manipulatu» izana egotzi die AEBei. «Seriotasunez jarduteko» eskatu die, «bi aldeetako bati ere komeni ez zaizkion istiluak eragozteko».

Bidenen mehatxua ere gaitzetsi du, eta bere herrialdeari dagozkion auzietan zentratzeko eskatu dio. «Hemen ez da inolako errepresiorik izan herri kubatarraren aurka, ezta inolako eztanda sozialik ere», gaineratu du.

Atzerri ministroak gezurtatu egin du, halaber, protesten ondorioz desagerturik izan denik. «Desagertutako pertsonen inguruan zabaldu diren zerrendak faltsuak dira; ez dago kasu bakar bat ere», esan zuen. Horrekin batera, AEBetako Gobernuari proposatu zion oraintxe bertan atxilotuta dagoen adingaberen baten izena ematea.

Horri lotuta, giza eskubideen alorrean lezioak eman nahi izatea leporatu dio Etxe Zuriari: «Hobi komunak AEBetan daude, ez Kuban. Hamarnaka lagun hil zituzten Latinoamerikako hirietan, eta horren inguruan AEBetako Gobernuak inoiz ez du kanpainarik egin eta laguntza humanitariorik eskatu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.