Klima aldaketa

Gizonek emakumeek baino %16 gehiago kutsatzen dute

Kontsumo ohituren eta berotegi gasen isurien lotura aztertu du Annika Carlsson Kanyama ikerlariak. Gizonek emakumeek baino gehiago kutsatzen dutela dio ikerketak.

Gizon bat gasolina zerbitzugune batean, autoa betetzen, Peshawarren (Pakistan), artxiboko irudi batean. BILAWAL ARBAB / EFE
maddi iztueta olano
2021eko uztailaren 27a
16:36
Entzun

Annika Carlson ikertzaileak 25 urte daramatza klima aldaketaren eta kontsumo ohituren arteko lotura aztertzen. Suediako aditu horren asmoa da egunerokoan hartzen diren erabakiek klima aldaketan zer eragin duten aztertzea, eta kontsumo jasangarria bultzatzea. Aurreko astean argitaratu zuen beste bi ikertzailerekin batera —Jonas Nassen eta Rene Benders— duela bi urte hasitako ikerketa. Aztertutako produktuak hiru multzotan sailkatu dituzte: elikagaiak, bidaiak eta altzariak. Ikerketan, ekoizkinek zenbat berotegi gas isurtzen duten neurtu dute, produktua ekoizten dutenetik kontsumitzaileak erosten duen arte. Lortu dituzten emaitzen arabera, gizonek emakumeek baino %16 gehiago kutsatzen dute.

BERRIAri emandako elkarrizketa batean, Carlssonek esan du «genero rolak oraindik bizirik eta oso presente dauden froga garbia» dela ikerketa. Aadierazi du genero rolak agindutako kontsumo ohiturek ez dutela «arrazoi ekonomikoekin loturarik: gakoa erosten dituzten produktuetan dago». Emakumeek kontsumitzen dituzten produktuek —hala nola osasun produktuek, altzariek eta arropak— gizonezkoek kontsumitzen dituzten produktuek baino gutxiago kutsatzen dute. Hain zuzen, gizonek diru gehiago xahutzen dute kutsakorragoak diren produktuak erosten; besteak beste, autoak, gasolina, alkohola eta tabakoa. Gainera, emakumeek autoa gutxiago erabiltzen dutenez, gizonek baino gutxiago kutsatzen dute oporraldietan.

Emakumeen eta gizonen arteko alde nabarmenak «harritu» egin zuen Carlsson, haren ustez «Suedia Europako herrialde aurreratuenetakoa baita genero berdintasunaren auzian». Hala ere, Europako beste herrialderen bateko datuetan oinarritu izan balira «emaitzak antzekoak edo nabarmenagoak» izango liratekeela uste du: «Duela hamar urte, gizonen eta emakumeen kontsumo ohiturak aztertu genituen Europa hegoaldean, Alemanian, Norvegian eta Suedian, eta horietan ere gizonek emakumeek baino gehiago erabiltzen dute autoa, eta gehiago kutsatzen dute».

Gastronomian ere nabarmena da bi sexuen arteko aldea. Ikerketaren arabera, gizonek emakumeek baino gehiagotan jaten dute etxetik kanpo —autoa edo garraioa ere gehiago erabiltzen dute, beraz— eta animalia jatorriko produktu gehiago jaten dituzte. Emaitzen arabera, elikagai horiek kontsumitzeari utziz gero, %32 eta %38 artean gutxituko lirateke berotegi gasen isuriak. Carlssonen ustez, baina, «haragia betidanik egon da maskulinitatearekin oso lotuta».

Hain zuzen, haragia eta esnekiak dira gehien kutsatzen duten elikagaiak; ahuntz eta arkume haragia, adibidez, bigarren eskuko autoa baino 1.792 aldiz kutsakorragoa da. Horietatik lehena da gas kutsagarri gehien isurtzen duen produktua; bigarrena, berriz, gas kutsakor gutxien isurtzen dituena. Bestalde, oporren kategorian, hegazkina da gehien kutsatzen duen garraioa, eta horren alternatiba gisa staycation delakoa proposatzen dute ikertzaileek —norbera bizi den herrialde barruan bidaiatzea—.

Enpresa handien lobbya

Azken urteetan, kontsumo ohituretan oinarritutako ikerketa ugari egin dituzte, baina, Carlssonen aburuz, duela astebete argitaratu zuten ikerketan «komunitate zientifikoan gutxitan aztertzen den faktore bat» hartu dute kontuan: ekonomikoa. Ikerketan, ingurunearentzat jasangarriagoak diren produktuak proposatu dituzte, baina gastu ekonomikoa berdin mantendu dute: «Jendearentzat ekonomikoki egingarriak diren aldaketak proposatu nahi ditugu. Azterketan ageri diren alternatibek ez dute behar ekologikoagoak diren beste aukera batzuek eskatzen duten adina inbertsio garesti».

Hain zuzen, ekonomia da klima aldaketari aurre egiteko «oztopo handienetako bat». Elikagaien kasuan, esaterako, azken urteotan ikerketa askok frogatu duten arren haragiaren ekoizpenak eragin kaltegarria duela ingurumenean, «haragia ez jatearen aldeko ideiak baztertu egiten direla» dio adituak: «Haragia eta esnekiak ekoizten dituen elikagaien industriak indar handia du, eta gobernuek enpresa horien interesak babesten dituzte».

Ikerketan frogatu dituzten datuen arabera, berotegi gasen isuriak %40 egin dezake behera kontsumo ohiturak aldatzen badira. Emisioak murriztuta ere, baina, gizonek emakumeek baino %18 gehiago kutsatzen dute. Biztanleek haiek proposatutako «aldaketa txiki horiek» egitea espero dute ikertzaileek, baina «ardura handiena gobernuek» dutela adierazi dute. Izan ere, klima aldaketaren auzia nazioarteko agenda guztietan agertzen den arren, salatu dute orain arte hartutako erabakiek ez dutela «askorako balio izan».

Horren adierazgarri dira azken asteotan munduko hainbat lekutan jasandako muturreko eguraldiak: ehunka lagun hil dituen bero bolada Kanadan, zenbait herri suntsitu dituzten uholdeak Alemanian eta Belgikan... Gertakari horiek «gobernuek arazoa serioago hartzeko» balio izatea espero du adituak, eta laster «zerbait egin behar» dela gehitu du: «Ekintza sendoagoak egin ezean, muturreko eguraldia eta horrelako fenomenoak oso ohikoak bilakatuko dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.