Presidenteen Konferentziara joango dela esan du Urkulluk

Esan du gai «garrantzitsuak» izango dituztela hizpide, besteak beste pandemiaren kudeaketa, eta han izango dela

arantxa iraola
2021eko uztailaren 28a
12:25
Entzun

Duda izan da egunotan Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu autonomia erkidegoetako presidenteek ostiral honetan Salamancan (Espainia) egingo duten konferentziara joango den. Gaur goizean, ordea, baieztatu du han izango dela; gai garrantzitsuak jorratuko dituztela esan du, tartean pandemiaren kudeaketarekin lotutako gaiak daudela, eta bertan egotea erabaki duela.

Zalantzan egon da, ordea. Desadostasun agerikoak izan ditu Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezekin azkenaldian, eta publikoki azaldu du Urkulluk arrangura. Lehengo astean, adibidez, gutun bat bidali zion Sanchezi, eta eskatu zion maskararen erabilera derrigorra dela zehazteko propio lehengo astean gaiaren inguruan Espainiako Parlamentuan onartu zuten dekretuan, eta pandemiaren kontra «segurtasun juridikoz» jarduteko tresna gehiago ere galdegin zizkion. Baina Espainiako presidenteak ez ditu aintzat hartu eskeak.

Tresna gutxirekin utzi du horrek Jaurlaritza, eta, justiziak haragoko erabakiak hartzen utziko ez diola argudiatuta, eskeak egin behar izan dizkio gizarteari hainbat neurri betetzeko; esaterako, gaueko ibilerak saihesteko eskatu dio jendeari, ordu txikietan egoten diren jende pilaketak kutsadura askoren sorburu izaten direla argudiatuta.

Urkulluk kontzertu ekonomikoaren gaineko erabaki batekin lotu du bilerara joateko erabakia; izan ere, batzorde mistoa egingo da bihar hainbat zerga hitzartzeko, eta bilera horrekin lotu du konferentziara joateko erabakia. Atzo Euzkadi Buru Batzarrak osoko bilkura egin zuen Donostian, eta EAJko buruzagiek babes erabatekoa azaldu zioten Urkulluri; hartzen zuen erabakia hartzen zuela babes erabatekoa erakutsiko ziotela esan zioten.

Hainbat talde politikok egin diote aste honetan Urkulluri konferentziara joateko deia; PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek, adibidez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.