Epaileak Gotzaindegiaren alde egin du, eta 61 urteko gizon baten etxegabetzeak aurrera segitzen du

Gizonak eta Bilboko Maizterren Sindikatuko lagunek proposamen bat aurkeztu dute Begoñako Basilikan. Egoera «bideratzen laguntzeko» ere eskatu diete instituzioei

Maizterren Sindikatuak deituriko elkarretaratze bat, artxiboko irudian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Naroa Torralba Rodriguez.
2021eko uztailaren 28a
12:27
Entzun

Bilboko Begoñako Basilikaren aurrean elkartu dira gaur etxegabetzear diren 61 urteko pentsioduna eta Bilboko Maizterren Sindikatuko hainbat kide. Uztailaren 15ean epaitu zuten kasua Bilboko Justizia jauregian, eta epaileak etxegabetzearekin aurrera jarraitzea ebatzi duela jakinarazi dute. Apezpikutzari egin dioten proposamenaren berri ere eman dute: «Alokairu kontratu bat eskatzen dugu, Etxebizitzaren Legea eta Hiri Errentamenduen Legea errespetatzen dituena».

Gizona, egun, Gotzaindegiaren jabegoko etxebizitza batean bizi da, eta pentsioduna da; esklerosi anizkoitza du, eta %45eko elbarritasuna. Etxea Begoña auzoan dago, eta sindikatuko kideek salatu dute gizonaren aurkako kaleratzea notifikatu aurretik, haren atarian, hamalau etxe saldu zituztela: «Hamar urte baino gehiagoz, hamalau etxebizitza horiek hutsik egon dira, Etxebizitzaren Euskal Legea urratuz».

Alokairu sozialerako etxebizitzak egiteko erosi zituen iazko abenduan Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak. Maizterren Sindikatuaren ustez, etxebizitza hutsen «kanona» ordaintzera behartuta zeudenean egindako «jukutria» bat izan da: «Ondare publikoari bi milioi euro kostatuko zaio operazio hori».

Gotzaindegiari proposamena aztertu eta etxegabetze salaketa kentzea eskatzeaz gain, Bilboko Udalari eta Eusko Jaurlaritzari ere dei egin diete, «instituzioen bidez egoera bideratzen lagundu dezaten».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.