Zergak

Tobin eta Google tasen bilketa hitzartu du Jaurlaritzak Espainiako Gobernuarekin

Gaur bilduko da Kontzertuaren Batzorde Mistoa, zerga horien eskumena ogasunen esku uzteko.

Iñaki Barredo, Pedro Azpiazu eta Jordi Campas, Jaurlaritzako Ekonomia Saileko arduradunak, gaur. IREKIA
Iker Aranburu.
2021eko uztailaren 28a
16:46
Entzun

Zerga bilketa milioi euro batzuk handituko duten beste hiru zerga izango dituzte erabilgarri Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek. Negoziazio luze batzuen ondoren, Kontzertuaren Batzorde Mistoa Madrilen bilduko da bihar, Google eta Tobin tasak eta merkataritza elektronikoaren BEZaren ordainketa foru ogasunen esku uzteko akordioa berresteko. «Urrats bat da autogobernuan», Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburuaren arabera.

Azpiazuk eman zuen akordioaren berri, eta baieztatu zuen akordio horren ondorioz parte hartuko duela Iñigo Urkullu lehendakariak autonomia erkidegoetako presidenteen bileran, ostiralean.

Azpiazuk, ordea, ez zuen zehaztu nahi izan akordioan hitzartu dutenaren letra txikia. Hau da, nola banatuko duten zerga horien dirua, eta zenbat egokituko zaien aldundiei. Urtean 200 milioi euro izan daitezkeela aipatu izan da negoziazioetan.

Tasen berezitasunak

Google tasa, esaterako, enpresa digital handiek pagatu behar duten zerga bat da —750 milioi eurotik gora fakturatu behar dituzte, eta, gutxienez, hiru milioi, Espainian—, eta ez dago garbi nola egingo duten haren zati bat foru ogasunek biltzeko.

Pixka bat errazagoa dirudi transakzio digitalen gaineko tasarenak, Tobin tasarenak. Enpresa handien akzioak salerosten dituzten bitartekariek ordaindu behar dute zerga hori; hain zuzen ere, operazio bakoitzaren %0,2. Hor erabaki beharrekoa da zeren arabera kobratuko duten ogasunek: enpresaren egoitzaren arabera? Eroslearen helbidearen arabera? Bitartekariaren egoitzaren arabera?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.