Presidenteen Batzarra

Urkulluk «babes juridikoa» eskatu du Presidenteen Biltzarrean

Eusko Jaurlaritzako lehendakariak esan duenez Espainiako Gobernuak «goizegi» hartutako hainbat erabakik eragin dute herritarrengan «borroka garaia baino lehen» irabaztearen pertzepzioa

jarraia201346.jpg
Beñat Mujika Telleria.
2021eko uztailaren 30a
17:36
Entzun

Iñigo Urkullu lehendakariak COVID-19aren kudeaketan Espainiako Gobernuak «goizegi» hartutako zenbait erabaki kritikatu ditu, eta «babes juridikoa» eskatu du, erkidegoek etxeratze agindua eta pertsona-pilaketetarako mugak ezarri ahal izateko. «Inork ez daki zein izango den birusaren hurrengo kontraerasoa. Ez da oraindik izurria amaitutzat jo behar eta tresna guztiek eskuragarri egon behar dute», esan du Urkulluk autonomia erkidegoetako Presidenteen Biltzarrean.

Lehendakariak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako egoera epidemiologikoa errepasatu du Biltzarrean. Herritarren %73,3k txertoaren dosi bat jaso dute eta % 68,2k jarraibide osoa. Hala ere, lehendakariaren iritziz «egoera ez da ona», Delta aldaeraren agerpena dela eta. «Ziurrenik, garaia baino lehen hartutako erabaki batzuek eragin dute herritarrengan borroka garaia baino lehen irabazi izanaren pertzepzioa».

Urkulluk ez du aipatu maskararen derrigortasuna kentzea. Ezta alarma egoera amaitzea ere. Hala ere autonomia erkidegoek «oztopoak» dituztela adierazi du «gaueko mugikortasuna mugatzeko, pertsonak elkartzeko edo itxitura perimetralak egiteko». Horregatik, hori egin ahal izateko «babes juridikoa” eskatu du: «Gaur egun ez dugu horrelako estaldurarik, eta, hala ere, beharrezkoa da oraindik», gaineratu du, auzitegiek autonomia bakoitzean erabaki desberdinak hartzen dituztela ikusita. Pasa den astean lehendakariak izurriaren inguruan jarduteko baliabideak eskatu zizkion eskutitz bidez Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezi.

Era berean, lehendakaria kritiko agertu da Presidenteen Biltzarraren funtzionamenduarekin, «foro hori ez dago jasota ez Konstituzioan, ez Gernikako Estatutuan», eta aurrez «prestatzeko bilerarik egin gabe» deitu dute. «Gobernantza kooperatibo koordinatuak norabide zehatza izan behar du, metodologia argia eta helburu praktikoak eta errealak. Baita autogobernua eta eskumen esparruak errespetatuko dituen erabakiak hartzeko eremu bat», gaineratu du lehendakariak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.