Arrauna

Hondarribia eta Arraun Lagunak erraz nagusitu dira Bilbon

Hondarribiak Eusko label ligako bigarren bandera irabazi du Bilboko Ibaizabaleko ur geldoetan, erlojupekoan; bosgarrenez eremu horretan. Euskotren ligan, berriz, Arraun Lagunak izan da azkarrena, eta denboraldiko bosgarren garaipena eskuratu du

jarraia201405.jpg
Mikel O. Iribar.
2021eko uztailaren 31
19:10
Entzun

Hondarribiak Bilboko estropada eremuari neurria hartu dio antza. Eusko Label ligan hamabi alditan jokatu da eremu sigi-sagatsu horretan, eta horietatik bostetan Ama Guadalupekoa ontzia izan da azkarrena; azkena, gaurkoan. Erlojuaren aurkako proban bakarrik aritzeak dakarren berezitasun horretan eroso sentitu dira Ioseba Amunarriz patroia eta haren arraunlariak. Ontzi arina izanik ere, bikain moldatu dira ur geldo eta sakonera gutxiko estropadan; hasi eta buka.
Zierbena uretara itzuli da gaur, aurreko asteburuan taldean atzemandako koronabirus positiboagatik lehiatu gabe egon eta gero. Bada, COVID-19ak ez du etenik gorengo mailan; Isuntzari ere erasan dio izurriak. Taldean bi kasu atzeman dituzte goizean, eta, beraz, Osertz Aldairenak ezin izan dute arraun egin; ezta gaurko Santurtziko (Bizkaia) estropadan ere (12:00, ETB 1).

Marea behean 16:38an zen. Marea hilak izan arren, azken txandakoek itsaslaster gehixeago zuten aurrekoek baino. Alta, oro har, baldintza hobeagoak zituzten; haizearen indarra hutsaren hurrengoa baitzen. Ohorezko txandako lau ontziak ibai ertzetik atera dira, ur-lasterra saihesteko eta ontziari abiadura ez galtzeko asmoz. Hondarribiaren eta Santurtziren aldekoak izan dira lehen erreferentziak; ontzi bateko aldea ateratzen zieten Orio eta Zierbenari. Talde horiek zerbaitegatik daude Eusko Label Ligako lehen bi postuetan.

Dena den, Mikel Orbañanosenak lehen luzeko erditik aurrerako zatia Sotera ontzia baino hobeagoa egin du, eta, hala, lehen ziabogan denbora onena berdeek burutu dute. Hiru segundo eta bost segundotan hobetu dute Orioren eta Zierbenaren denborak, hurrenez hurren. Hondarribiaren atzetik, berriz, Santurtzi zetorren, baina Ama Guadalupekoa ontziarekiko hiru segundoko atzerapena izan du maniobran. Eneko Gonzalez Sotera traineruaren txopan estreinakoz aritu da, eta Gorka Aranberri lehorrean geratzeko erabakia hartu du Iker Zabala prestatzaileak.

Bigarren luzean, marea goraka zihoala, itsaslasterrak erditik joatea eskatzen zien ontziei; patroiek eta entrenatzaileek ondoasko zekiten hori. Bitartean, ordea, Hondarribia zen ur-lasterrari etekin handiena ateratzen ari zitzaion taldea. Sei segundora handitu ditu aldeak aurkariekiko. Bigarren ziabogara heltzen ari ziren bitartean, Amunarrizek ontzia apur bat istriborrerago eraman du; ziabogara estu sartzeko, maniobratik zabal irteteko eta ababorreko arraunlariak ez geratzeko. Ontzia azkar biratu dute Hondarribiko patroiak eta Julen Fernandez aurrekalariak. Orbañanosen taldeak zazpi segundo ateratzen zien Santurtzi eta Zierbenari; bederatzi Oriori.

Arraunean, presarik gabe
Banderarako lehian baino gehiago, bigarren posturako borroka handiagoa zuten Zierbenak eta Santurtzik. Hirugarren luzean, Hondarribiaren eta Zierbenaren ontziak abiadura berean zihoazen; sei segundoan ziren biak. Santurtzi, berriz, zazpira zen; Orio, aldiz, hamarrera. Amunarrizek beren arraunlariei behin eta berriz esaten zien arrauna presarik gabe uretan pasatzeko eta erritmoa ez sarritzeko; minutuko 36 paladako erritmoa zihoazen berdeak. Hirugarren eta azken ziabogan, tarteak handiak ziren; zazpi Zierbenari, bederatzi Santurtziri eta hamabi Oriori.

Lau ontziak azken luzean lanean ari zirela, zeruak eta lurrak bat egin behar zuten hondarribiarrek garaipena kareletik botatzeko. Amunarrizek Zierbenak aurretik utzitako ubera zuen erreferentzia gisa. Juan Zunzunegirenak, berriz, bero-bero gibela bota beharrean ziren. Eman eta eman ari dira, minutuko 40 paladako erritmoan, baina ez da nahikoa izan estropada iraultzeko. Bigarrena izan da, Hondarribiarengandik zazpi segundora. Santurtzi hirugarren sailkatu da 11ra, eta Orio hamahirura.

Bigarren txandan Donostiarra, Urdaibai eta Caborekin batera, Tiran ariko da bihar Santurtzin (12:00, ETB 1); gaur galiziarrek zortzigarren egin baitute lehen txandatik arraun eginda. Sailkapenean, puntu sorta ederra pilatu dute, eta orain Zarautz hamabigarrenari sei puntuko aldea ateratzen die. Ondarroa, bestalde, lehen txandan ariko da bihar, gaur azkena izan baita.

Sailkapena

1. Hondarribia 19.21,74
2. Zierbena 7,44ra
3. Santurtzi 11,98ra
4. Orio 13,06ra
5. Donostiarra 20,18ra
6. Urdaibai 23,52ra
7. Cabo da Cruz 24,58ra
8. Tiran 25,36ra
9. Ares 30,44ra
10. Zarautz 31,96ra
11. Ondarroa 32,78ra

Arraun, nagusi

Arraun Lagunak-ek itsasoan ez ezik, ibaian ere talderik indartsuena dela berretsi du gaur, Bilboko bandera irabazita, erlojupekoan. Lugañene ontziak aurkariek markatutako denbora guztiak txikitu egin ditu, baita 2016an San Juanek ezarri zuen estropada eremuko marka hautsi ere; bost segundotan ondu du. Juan Mari Etxabek prestatutako taldeak denboraldiko bosgarren garaipena lortu, eta sailkapen nagusian beste kolpe bat eman du; izan ere, hiru jardunaldiren faltan, Oriori puntu bat ateratzeaz gain, bi jardunaldi gehiago ditu irabazita. Dena alde du beraz.

Sailkapena atzetik aurrera hartuta, Hondarribia izan da erlojupekoari ekiten aurrena; haren atzetik, Donostiarra irten da; gero, Orio; eta azkenik Arraun Lagunak egungo liderra. Marea behean 16:38an zenez, lehen luzean itsaslasterra aurka zuten lau ontziek, eta hori ekidite aldera, istribor aldetik joan dira, nahiz eta sakonera gutxiago zegoen. Arraun Lagunak-eko Andrea Astudillo patroiak, aldiz, ibai ertzera hainbesteko gerturatzeko erabakia ez du hartu, metro gutxiago egiteko asmoz.

Etxaberen taldeak lehen unetik erreferentziak alde zituen, eta aurreko estropadetan egindako gidoia errepikatu du gaur ere; lehen luzeko bigarren zatian, Astudilloren kuadrillak minutuko 36 paladako erritmoan ontziari abiadura handiagoa eman dio, eta ziabogara Orio baino lau segundo azkarrago heldu da. Donostiarrak sei segundo beranduago biratu dute beren ontzia, eta hamar geroago Hondarribiak. Lau ontzietako aurrekalariek ohi baino gehiago iraun dute arraun txikia sartuta, trainerua ziabogatik zabalegi ez ateratzeko.

Lehengo lepotik burua

Itzulerako luzean, Arraun Lagunak-ek bere bidea egin du, eta aldeak handitu egin ditu, Etxaberenak arraunean luze eta sarritu gabe ari zirela. Oriok bai sarritu duela; zirt edo zart egin behar zuen Xanti Zabaletaren taldeak eta erritmoa minutuko 40 paladetara igo du: bizi-bizi. Halere, haien saialdia hutsala izan da.

Hain zuzen, oriotarrek lehia handiagoa zuten Donostiarra eta Hondarribiarekin; segundo berean ziren hiru ontziak. Artean, Hondarribiak amaituta zituen bere lanak, eta Donostiarra zen atzetik. Jose Ramon Mendizabalen arraunlariek bereak eta bi eman dituzte azken txanpan, eta 68 ehunenekoengatik aurretik helmugaratu dira. Beste puntu bat gehiago Hondarribiari, laugarren postua saihesteko lehiari dagokionez. Orio ere ez zen aparte; oriotarrek hortzak estutu behar izan dituzte Donostiarra baino azkarrago egiteko; Nadeth Agirre eta haren arraunlariek 30 ehuneneko baino ez dizkiote atera.

Arraun Lagunak-ekoak, bestalde, gozatuz helmugaratu dira, bai baitzekiten garaipena eurena izango zela. Amaieran sei segundo Orio eta Donostiarrari; eta zazpi Hondarribiari. Gaurko estropada ere berdintasunaren eta lehiakortasunaren beste adibide bat izan da. Bihar Santurtzin (Bilbo) egingo dute arraun (11:40).

Sailkapena

1. Arraun Lagunak 10.31,24

2. Orio 6,44ra

3. Donostiarra 6,74ra

4. Hondarribia 7,42ra

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.