ATLETISMOA

Saundersen keinua aztertzen ari da NOB

Pisu jaurtiketako zilarrezko domina jasotzeko podiumean, besoak gurutzatu zituen buruaren gainean, «zapaldu guztiekin elkartasunez». NOBen arautegiaren arabera, Olinpiar Jokoetan debekatuta dago podiumean aldarrikapen keinuak egitea.

Saunders, atzo, podiumean, keinua egiten. FRANCK ROBICHON / EFE
Igor Susaeta.
2021eko abuztuaren 2a
11:50
Entzun

Emakumezkoen pisu jaurtiketan zilarrezko domina lortu duen Raven Saundersek (AEB) atzo podiumean egindako keinu bat aztertzen ari dela jakinarazi du NOB Nazioarteko Olinpiar Batzordeak. Saundersek besoak gurutzatu zituen buruaren gainean, haren esanetan, «zapaldu guztiekin elkartasunez». NOBen arautegiaren arabera, Olinpiar Jokoetan debekatuta dago lehiaketan bertan edo podiumean aldarrikapen keinuak egitea. «Gertatutako guztia ulertu behar dugu, eta ondoren erabaki bat hartu. Harremanetan gaude AEBetako Olinpiar Batzordearekin. Ikertu egingo dugu», adierazi du Maark Adams NOBen bozeramaileak.

Homofobiaren kontrako borrokaren ikurretako bat da Saunders —gay da—, eta, atzo, podiumetik jaitsi ondoren, nabarmendu zuen keinuarekin «argia» eskaini nahi ziela «borrokatzen diren baina beren buruaz hitz egiteko plataformarik ez dutenei».

Saundersen itxurak atentzioa eman du Olinpiar Jokoetan, Hulk komikietako pertsonaiaren maskara bat jantzita zuela lehiatu baita. Saundersen esanetan, pairatu izan dituen arazo mentalei egindako keinu bat da hori. «Nire ibilbidea arazo mentalek markatu dute, eta horiek konpartitzen ikasi dut. Gutxi gorabehera, Hulken historiaren antzekoa da. Nire barneko Hulk ateratzea lortzen dut une zailetan», adierazi izan du, horri buruz galdetuta.

Saundersek 25 urte dauzka, eta aitortu izan du 2018an suizidatzekotan egon zela, eta kirolak aurrera egiten lagundu diola: «Gaztea, beltza eta gay nintzen. Estigma asko daude horren inguruan, eta pentsatu nuen ez nuela irtenbiderik topatuko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.