Biribiltzea falta

Iñigo Peña eta Pablo Cubelos seigarren izan dira K 1.000 metroko finalean, eta ezin izan dute domina batekin amaitu ziklo olinpiko arrakastatsua. Estropada ona egin dutela uste dute. Haizeak lana zaildu die.

Paco Cubelos eta Iñigo Peña piraguistak, gaurko finalean. Seigarren izan dira. JOSé MéNDEZ, EFE
jakes goikoetxea
2021eko abuztuaren 5a
15:41
Entzun

Finalaren zati handi bat finalerdietan galdu dute Iñigo Peña zumaiarrak eta Paco Cubelos espainiarrak, gaur. Laugarren izan dira K2 1.000 metroko bigarren finalerdian. Laugarren, nahikoa zelako laugarren izatea finalerako sailkatzeko. Estropada kontrolatuz joan dira, bosgarrenarekiko aldea neurtuz, eta helburua lortu dute, finalean sartzea. Hala egin dute, bi ordu geroagoko finalerako indarrak gordetzeko. Finalerdian erabili gabeko indarra ondo etorriko zitzaielako estropada erabakigarrirako.

Erabaki horrek, ordea, beste ondorio bat ere eragin du: finalerdietako denborarik okerrenek estropada eremuaren alboetan arraun egiten dute, igeriketan gertatzen den moduan. Eta Peñari eta Cubelosi zortzigarren kalea egokitu zaie finalerako.

Finalerdietako estrategia erabaki aurretik, bazekiten hala jokatuta alboko kale bat egokituko zitzaiela finalean. Eroso sentitzen dira alboko kaleetan. «Gustatzen zaigu izkinatik arraun egitea», Peñaren esanetan. «Batzuetan abantaila izan ohi da, gustatzen zaigun moduan, gure lanean bakarrik zentratzeko, ondokoek egiten dutenak eragin gabe».

Zortzigarren kalean uste baino haize gehiago topatu dute, eta ezin izan diote aurre egin Sea Forest Waterwayko estropada eremuan. Tokio kanpoaldean prestatutako kirol azpiegitura bat da, industrialdeen, kontainerren eta birziklatze enpresen inguruan dagoena. Ezerezaren erdian ia. Arraun pista haizetsu bat eta aldamioz eta etxola prefabrikatuz eraikitako azpiegitura handi bat.

Peñak eta Cubelosek, biek, aipatu dute haizea. Garbi utzi nahi izan dute, ordea, ez diotela aitzakiarik jarri nahi gaurko emaitzari: «Piraguismoa aire libreko kirola da, eta haizea egiten du; batzuetan alde, besteetan kontra». Kito.

Lehen kaleak babestuago zeuden. Haizeak estropada eremuaren ertzeko buietara bidaltzen zituen Peña eta Cubelos, eta Cubelosek lemarekin zuzendu behar izan du piraguaren noranzkoa.

Atzetik aurrera

Haien jarraitzaileei bihotza ahoan jartzeko moduko estrategia erabiltzen dute Peñak eta Cubelosek. Emaitza oso onak eman dizkie. Gaur ere hala egin dute. Atzetik aurrera: hasiera bizkorra; gero erritmo sendo eta egonkor bat hartu; 500 metrotik aurrera erritmoa azkartzen hasi; eta azkeneko 200 metroetan esprinta jo. Horrek esan nahi du haien jarraitzaileak azken txanparen zain egoten direla, Peña eta Cubelos aurkariak noiz pasatzen hasiko.

Finala abiatu orduko, erritmo bizia hartu dute kaiak guztiek. Peña eta Cubelos 160 arraunkada ingurura iristen dira, ia hiru arraunkada segundo bakoitzeko. Lehen txanpa eta gero erritmoa egonkortzen dute. Tarte horretan, finalerdian gertatu zen bezala, atzean geratu dira gaur ere. 250 metroan bosgarrenak ziren, lehenengoengandik, australiarrengandik, 1.20 segundora. Ez zen kezkagarria.

Estropadaren buruan zihoazen kaiakek, ordea, aldea handitu egin dute, nabarmen. Estropada erdirako australiarren aldea hiru segundorena zen, eta australiarren atzean zihoazen ontzi indartsuetatik Alemania, Hungaria eta Txekiar Errepublika bi segundo ingurura zeuden. Alde handia sendotasun eta kalitate horretako ontziekiko.

Erritmoa bizitzeko unea zen, eta hala egin dute Peñak eta Cubelosek. Pixkana-pixkana. Hala ere, estropadaren hiru laurdenak beteta, Australiaren eta Alemaniaren aldeak hiru segundorena zen artean ere. Txekiar Errepublikarenak eta Hungariarenak bi segundo ingururena. Alde handia, eta metro gutxi estropada iraultzeko.

Piraguak abiada bizian pasatu dira harmailen aurretik. Ura egongo ez balitza bezala, hegan. Ura mozten. Peñak eta Cubelosek hasi zuten azken txanpa, esprinta. Aurrekoengana hurbiltzen ari ziren, baina gutxika-gutxika, eta metroak bukatzen ari ziren.

Zaleak, oihuka, animatzen. Zaleak kazetariak, herrialdeetako ordezkariak eta gainerako kirolariak ziren. Pandemiarik gabeko garaietan bezala.

Helmugako seinalea jotzen hasi da. Australiaren eta Alemaniaren soinuak elkarren segidan, urrezko eta zilarrezko dominak. Tarte batera, Txekiar Errepublika brontzezko domina eta Hungaria. Bukatu dira dominak. Beste tarte batera, Zeelanda Berria eta Espainia, hau da, Peña eta Cubelos. Seigarren. Peña bosgarren izan zen Rioko jokoetan.

Gutxi gorabehera segundo bat jan diete gainerako ontziei azken 250 metroetan, baina ordurako atzerapen handia zuten pilatuta. Jean van der Westthuyzen eta Thomas Green australiarrengandik bi segundora sartu dira.

Gehiago nahi

«Pena dugu», deskribatu du bikotearen sentipena Peñak. «Helburua domina bat irabaztea zen, eta seigarren bukatu dugu. Uste dut gehiago egiteko moduan geundela, ontziak baduela horretarako maila». Hortik aurrera, egindako lanarekin gustura daude, postua espero eta nahi baino okerragoa izan bada ere: «Estropada oso ona egin dugu. Kontzientzia lasai dugu, guztia eman dugulako eta gure esku zegoen guztia egin dugulako. Ezin zen azkarrago joan zortzigarren kalean». «Estropadak gure lekuan jarri gaitu», gehitu du Cubelosek.

Bikoteak Tokion biribildu nahi zuen olinpiar zikloa. Emaitza bikain batekin, domina batekin. Ez dute lortu domina, baina horrek ezin du itzalean utzi urteotan egindako lana: bi aldiz izan dira munduko txapeldunorde, 2018an eta 2019an, eta Munduko Kopako hainbat proba irabazi dituzte. Emaitza onak lortu dituzte lehiatu diren lehiaketa gehienetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.