ESKUBALOIA

Gurbindo eta Aginagalde ez dira finalerako sailkatu

23-27 galdu dute finalerdietan, Danimarkaren aurka. Gurbindok jokatu du; Aginagalde ez du deialdian sartu hautatzaileak. Larunbatean lehiatuko dira Egiptoren kontra, brontzezko dominaren bila

Gurbindo, aulkian, burumakur. FERNANDO BIZERRA / EFE
Jone Bastida Alzuru.
2021eko abuztuaren 5a
16:07
Entzun

Finalera sailkatzeko urrats bat falta zitzaion Espainiako eskubaloi selekzioari, baina ez du lortu. Ez zuen erronka makala. Danimarkaren aurka jokatu ditu gaur finalerdiak, eta 23-27 galdu du. Partida ona jokatu dute, baina aurrean zuten egungo munduko eta olinpiar txapelduna, eta ezin izan dute hura mendean hartu. Danimarka da urrerako faboritoa. Eduardo Gurbindo eskuin albokoak minutu batzuk jokatu ditu, baina ez du protagonismorik izan neurketan. Julen Aginagalde deialditik kanpo zegoen.

Larunbatean izango dute brontzezko domina jokoan dagoen partida, Egiptoren aurka. Izan ere, beste finalerdietan, Frantzia nagusitu da: 27-23 amaitu da lehia hori ere.

Lehiakor aritu da Espainiako selekzioa, eta estu jarri dizkio gauzak Danimarkari. Horren seinale da, amaierarako bost minuturen faltan, 22-24 zegoela markagailua. Hala ere, Danimarkakoek kontrolpean izan dute garaipena azken unera arte.

Partida orekatuta joan da. Danimarkak hartu du aurre, eta Espainia ez da gai izan markagailua iraultzeko, nahiz eta gertutik jarraitu dion. Erasoan egindako huts batzuek kondenatu dute. 5-5eko berdinketaren ondoren, 1-5eko partziala lortu du Danimarkak, eta 6-10 jarri dira aurretik. Lortu du tarteka aldea gutxitzea Espainiak, baina 10-14 iritsi dira atsedenaldira.

Bigarren zatiak gidoi antzekoa izan du. Azken txanpara arte itxaropenarekin heltzea lortu du Espainiak, baina ihes egin dio finalerako txartelak. Saiatu dira, baina hobea izan da aurrean zuten selekzioa. Biek gol kopuru berdina sartu dute bigarren zatian: 13.

Hori horrela, larunbatean brontzezko domina irabazten saiatuko dira Gurbindo eta Aginagalde. 10:00etan jokatuko da partida.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.