Osasun ziurtagiria hedatzea onartu du Konstituzio Kontseiluak

Ipar Euskal Herrian, astelehenetik aitzina, osasun ziurtagiria beharrezkoa izanen da zenbait lekutara sartzeko, hala nola ostatuetara, kulturguneetara eta merkataritza gune zenbaitzuetara. Osasun langileen derrigorrezkoa txertaketa ere onartu dute.

Baionako kirol ekitaldi bateko osasun ziurtagiriaren kontrola, iragan astean. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko abuztuaren 5a
17:27
Entzun

Konstituzio Kontseiluak trenkatu du: osasun ziurtagiria hedatzeko legearen gehiengoak bat egiten du Frantziako Konstituzioarekin. Hala, astelehenetik aitzina, hainbat lekutara sartzeko derrigorrezkoa izanen da osasun ziurtagiria aurkeztea. PCR edo antigeno proba negatibo bat, COVID-19aren kutsatze froga bat, edo, txertoaren pauta osoaren ziurtagiria beharko dute herritarrek leku horietara sartzeko. Uztailean, 50 pertsona baino gehiagoko lekuetan beharrezkoa egin zuten ziurtagiria, baina, astelehenetik aitzina, erabilera hedatuko da: ostatuetan, merkataritza guneetan, kultur eta kirol guneetan, eta distantzia handiko trenetan, besteak beste. Gainera, osasun zentroetara sartzeko ere beharrezkoa izanen da, larrialdiko kasuetan salbu.

Osasun langileen derrigorrezko txertaketa ere konstituzionaltzat jo dute. Abuztuaren 30etik goiti sartuko da indarrean neurria. Kontratu mugagabea duten osasun langileek txertorik jartzen ez badute, ez dute lansaririk eskuratuko, eta, kontratua behin-behinean gelditzen ahalko du enplegatzaileak. Kontratu mugatuan ari diren langileen kasuan, ordea, ezingo dira kontratua bukatu aitzin gelditu, txertatu gabeak direla argudiatuta: Konstituzio Kontseiluak atzera bota du neurri hori, kontratu moten araberako bereizketarik ezin baita egin, horien arabera.

Konstituzio Kontseiluak, haatik, positibo eman dutenen derrigorrezko bakartzea atzera bota du, «askatasun murrizketa» bat dela argudiatuta.

Osasun ziurtagiria beharrezkoa den lekuetan, bertako langileen esku izanen da horiek kontrolatzea. Halere, Kontseiluak nabarmendu du langileek ez dutela eskubiderik izanen bezeroen nortasun agiriak eskatzeko. Izan ere, Frantziako Poliziak bakarrik izanen du boterea egiaztatu ahal izateko ea ziurtagiria eta nortasun agiria bat datozen. Ziurtagiria kontrolatzen ez dutenek 9.000 euroko isuna eta urtebeteko kartzela zigorra arriskatzen dituzte.

Aldi berean, osasun ziurtagiriaren eta osasun langileen derrigorrezko txertaketaren kontrako protestek segitzen dute. Larunbatean manifestazioak eginen dituzte Baionan eta Donibane Garazin, neurri horien salatzeko, «norberaren askatasunaren kontrakoak» direlakoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.