Afganistan

Txina prest agertu da talibanekin harremanetan jarraitzeko

Moskuk iragarri du Kabulen duen enbaxadorea talibanekin bilduko dela. Txina eta Errusia talibanen agintea aitortu duten lehen bi herrialdeak izan dira.

Bake negoziazioetan parte hartu zuen talibanen ordezkaritza, Moskun, artxiboko argazki batean. EFE
2021eko abuztuaren 16a
11:52
Entzun

AEBek eta Europak atea ixteak ez du Afganistan bakartuta utziko, nazioartea ez baitago soilik mendebaldean. Dagoeneko bi potentzia handik eman dute lehen pausoa, Txinak eta Errusiak. Pekinen kasuan, gobernuak uztailean aurreratu zuen Afganistanen «egonkortasuna» zela lehentasun nagusia, eta hitza berretsi du gaur, esanez talibanen gobernuarekin harreman onak garatzeko prest dagoela. «Txinak errespetatzen du euren etorkizuna modu independentean erabakitzeko afganiarren eskubidea... Horregatik, Afganistanekin adiskidetzan oinarritutako harremanak garatzen jarraituko dugu», nabarmendu du Hua Chunyingek, Atzerri Ministerioko eledunak.

Joan den hilabetean Pekinen bertan egin zion harrera Txinako Gobernuak talibanen ordezkaritza zabal bati. Mullah Abdul Ghani Baradar talibanen buruarekin agertu zen orduan argazkietan Txinako Atzerri ministro Wang Yi, eta bilera osteko agerraldian aurreratu zuen espero zuela talibanek «politika islamista moderatuak» bultzatuko zituztela. Argazki hura garaipen handia izan zen talibanentzat, eta are gehiago gaurko adierazpenak; izan ere, Asiako potentziarik handienaren onespena jaso dute dagoeneko ofizialki.

Pekinek ez ezik, Moskuk ere atea zabaldu die elkarrizketei. Errusiak iragarri du Kabulen duen enbaxadako langile batzuk aterako dituela, baina ez guztiak. Aldi berean, baina, enbaxadorea bera talibanen ordezkaritza batekin biltzekoa da gaur, ebakuazioaz eta bertan geratuko diren ordezkarien segurtasunaz hitz egiteko.

Ez dira bakarrak izan, Irango presidente Ebrahim Raisik ere adiskidetze nazionalerako deia egin du: «Iran eta Afganistan, auzokoak ez ezik, anaiak dira. Amerikaren erretiratze azkarra porrot militar bat da, baina baita bizitza, segurtasuna eta bake egonkorra berreraikitzeko aukera bat ere». Iranek eta Afganistanek 600 kilometroko muga partekatzen dute, eta auzoko herrialdea 800.000 errefuxiatu afganiarren eta paperik gabeko bi milioi afganiarren aterpea da. Haietako askok Sobiet Batasunaren okupazioa hasi zenean jo zuten Iranera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.