Euskara

Aurkeztu dute aurtengo Nafarroa Oinez-en bideoklipa

Lizarra ikastolak 50. urteurrena ospatu du asteburuan, eta hainbat ekintza antolatu dituzte mota guztietako publikoarentzat.

Oihane Puertas Ramirez.
2021eko abuztuaren 16a
17:50
Entzun

Lizarrako ikastolaren ibilbidea errepasatu dute asteburuan, ikastetxearen 50. urteurrenaren ospakizunean. Bi eguneko egitaraua antolatu dute, publiko askotariko batentzat pentsatutako ekintzekin. Ostiralean, esaterako, bertsoak eta ikastolako kide esanguratsuen zein ikasle ohien hitzaldiak egin zituzten; egunari amaiera emateko, Nafarroa Oinez-en bideoklipa aurkeztu zuten. Izan ere, urriaren 16an eta 17an egingo dute jaialdia, eta Lizarra ikastola da aurtengo antolatzailea.

Ikasle ohiek egin dute bideoklipa: Urko Peral musikaren konposizioaz arduratu da, Iñƒigo Urrizelki izan da produkzio arduraduna, eta Iñƒaki Elkano aritu da lan zinematografikoan. Lizarraldeko musikariek ere parte hartu dute abestian eta bideoklipean. Ikastolaren arabera, «bideoak harreman estua dauka Lizarraldearekin», eta «Lizarra ikastolak eskualdearen euskalduntze prozesuarekin eta inguruarekin duen erlazio estua» erakusten du.

Ospakizunarekin jarraitzeko, larunbatean, abuztuak 14, doako haur ikuskizun bat eman zuten ikastolan: Kiki, Koko eta Mokoren Bizi-bizi Zirkua saio parte hartzailea. Arratsaldean, gainera, Lizarrako Paulantropia kantautorearen eta Gatibu taldearen kontzertuak antolatu zituzten Los Llanos Kulturaguneko Lorategietan. Antolatzaileek azaldu dutenez, «eguraldiak hasieratik lagundu zuen», eta «eserleku guztiak bete ziren pandemia dela-eta ezarritako edukieraren barnean».

Antolatzaileen arabera, «euskara eta euskal kultura hedatzeko ideiari lotutako programa koherentea izan zen», eta «Lizarraldeko zein kanpotik etorritako bizilagunek» parte hartu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.