Donostiako 69. Zinemaldia

Joanna Hogg eta Radu Jude Zinemaldiko Zabaltegi sailean

Orotara, hamazortzi filmek osatzen dute zerrenda: hamahiru lan luzek, ertain batek eta lau laburrek. Berlingo zinemaldiko bi garaile izango dira lehian, baita euskarazko lan bat eta galizierazko bat ere.

Joanna Hoggen 'The Souvenir: Part II' pelikularen fotograma bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
amaia igartua aristondo
2021eko abuztuaren 19a
13:58
Entzun

Berlingo zinemaldiko irabazleak, Veneziako eta Cannesko festibaletan erakutsitako ekoizpenak, nazioarteko bi estreinaldi, baita euskarazko lan bat ere, besteak beste. Guztira, hamazortzi pelikula lehiatuko dira Donostiako 69. Zinemaldiko Zabaltegi-Tabakalera sailean: zehazki, hamahiru lan luze, ertain bat eta lau labur bilduko ditu zerrendak; besteak beste, Johanna Hoggek, Radu Judek eta Gaspar Noek zuzendutako ekoizpenak ikusi ahal izango dira. Halaber, zenbait zinemagile berriro izango dira jaialdian: esaterako, Jean Gabriel Periot, Kiro Russo eta Laura Wandel.

Berlinen film luzearen eta laburraren Urrezko Hartzak bereganatu ondoren, hurrenez hurren, Donostian pantailaratuko dituzte Radu Juderen Babardeala Cu Bucluc Sau Porno Balamuc eta Olga Lucovnicovaren Nanu Tudor. Emi eskola irakaslea du protagonista lehenak: haren bideo sexual bat jarriko dute Interneten, eta eskolatik kanporatu dezaten ahaleginduko dira ikasleen gurasoak. Lucovnicovarenean, berori da protagonista: hogei urteren ondoren, aitona-amonen etxera itzuliko da, iraganeko gertaera oinazetsuei aurre egiteko.

Joana Hogg zuzendariaren kontakizun autobiografikoaren bigarren zatia ere hartuko du sailak: The Souvenir: Part II. Bera baino zaharragoa den gizon manipulatzaile batekin izandako harreman tirabiratsua askatzen saiatuko da Julie graduazio filmaren laguntzarekin, egiazko jazoerak eta fikzio hutsa bereiziz. Gaspar Noek, berriz, dementzia duten senar-emazte batzuen azken egunak agertu ditu Vortex filmean.

Veneziako zinemaldian inoiz parte hartu duen euskarazko lehen ekoizpena da Mikel Gurrea donostiarraren Heltzear. Film laburra da, 2000. urteko Euskal Herri artean gatazkatsuan dago girotua, eta 15 urteko Sara du ardatz. Eskalatzailea da gaztea, eta bere bizitzako maila igoerarik gogorrena erdiesteko entrenamenduak uztartuko ditu kanpoan duen anaiari idazten ari den gutunarekin.

Ekoizpen luze andana bat

Peter Kerekesen Cenzorka laneko Lesyari zazpi urteko zigorra ezarri diote erailtzeagatik, eta Odessako (Ukraina) emakume zentzategi batean bete beharko du ebazpena. Kiro Russoren El gran movimiento-k, berriz, Boliviako langile bat du ardatz, eta enpleguz zein etxebizitzaz aldatu berri du Kyoshi Sugitaren Haruharasan No Uta-ko Sachik. Bere bizilagun Yukiren suizidioa gainditzea lortu nahi du horrekin, baina adiskidearen irudia begien aurrean izango du etengabean, ilusio gisa.

Heriotza du hizpide, orobat, Helena Giron eta Samuel Delgado zuzendarien Eles transportan a morte ekoizpenak, galizieraz egina. 1492. urtean, heriotza zigorretik ihes egin duten hiru gizon doaz Kristobal Kolonen tripulazioan; Tenerifera heltzean (Espainia), ontzitik ere alde egingo dute. Garai berean, sendalari bat topatzeko helburuarekin bidaiatuko du beste emakume batek, hark hilzorian duen ahizparen bizia salbatzen lagun diezaion. Kolonizazioari kritika egiten dio obrak.

Ihesaz dihardu Florence Mialheren La Traversee-k ere. Kasu horretan, senideak halabeharrez bananduko dituzte, eta seme-alaba zaharrenak beren kabuz erbesteratu behar izango dira. Ezkondu aurreko bidaia bat du abiapuntu Noemie Merlanten Mi iubita, mon amour lanak: Jeanne Errumaniara joango da lagunekin, eta han Nino ezagutuko du, eta harreman bat izango du harekin.

Errusiar ekoizpenak dira Kirill Serebrennikoven Petrov’s Flu eta Kira Kovalenkoren Razzhimaya Kulaki filmak. Sobietar Batasuna desagertu ondorengo garaian dago girotua lehena, eta Petrov familiaren egun bat agertzen du gripe izurri betean: gaixotasunak jota dagoen komiki marrazkilari eldarniotsua da senarra, eta gizon oldarkorrak hiltzearekin gozatzen duen liburuzaina emaztea. Kovalenkok Ipar Osetiako mendietako meatze herri txiki batean kokatu du bere istorioa. Gertaera dramatiko batzuen ondorioz, gizon bat hara joan zen bizitzera seme-alabekin. Urteak igaro ondoren, aitaren diziplinatik ihes egin nahiko dute gazteek, eta oraindik sendatzeko dauden familia traumei aurre egin beharko diete.

Didier Eribonen Retour a Reims liburuan oinarritu da Jean-Gabriel Periot zinemagilea izen bereko obra ontzeko. Artxiboko materialez baliatuta, Frantziako langileen istorio intimo eta politikoa kontatzen du, 1950. hamarkadatik hasita. Anai-arreba batzuen arteko harremanaz jarduten du, berriz, Laura Wandelen Un monde ekoizpenak. Eskolara itzuli ondoren, beste ume batzuek anaia jazarriko dutela ikusiko du Nora zazpi urteko umeak. Harrapatuta egongo da, aitari abisatu nahi baitio, baina aldi berean anaiak isiltzera behartuko baitu.

Istorio ertain eta laburrak

Lucovnicova bezala, familiarenera itzuli da Xiao Lei, Zhang Daleiren Xia Wu Guo Qu Le Yi Ban filmeko protagonista. Zimurrek aldatu egin dituzte gurasoen aurpegiak, baina bere horretan jarraitzen du aitonaren etxe txikiko lasaitasunak; are, senideen eguneroko ohitura hutsalak ere atseginak egingo zaizkio gazteari.

Halaber, lan motzak dira Zinemaldian estreinatuko diren bi ekoizpenak ere. Zhang Daleiren filma bezala, familian oinarritzen da Lubna Playousten Le Cormoran. Uharte urrun batean bizi diren ama eta semea ditu ardatz, eta beren artean sortzen eta finkatzen diren loturak agertzen ditu. Aitzitik, adiskidetasunaz dihardu Laura Rius Aranek Les filles du feu ekoizpenean. 16 urte zituztenean, elkarrekin joan ziren bidaiatzera Magdalena, Oriane, Anna, Solene eta Morgane. Harrezkero ez dute elkar berriro ikusi, eta hamar urte joan dira dagoeneko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.