Afganistan

Talibanen aurkako protestak izan dira Afganistanen

Talibanen aurkako eta Afganistango banderaren aldeko mobilizazioak egin dituzte hainbat hiritan, eta talibanek gutxienez hiru manifestari hil dituzte. Matxinoek eta trantsiziorako kontseiluak «segurtasuna» bermatzeko akordio bat erdietsi nahi dute.

Kabulen eginiko manifestazioa, gaur. STRINGER / EFE
Iosu Alberdi.
2021eko abuztuaren 19a
16:39
Entzun

Talibanen aurkako protestak izan dira gaur Afganistanen, herrialdearen independentziaren 102. urteurrenarekin batera. Ehunka lagun atera dira kalera herrialdeko bandera beltz, gorri eta berdea eskuetan. Sputnik agentziak jakinarazi duenez, Asadabad hirian eginiko protestetan hiru lagun hil dituzte talibanek, tiroz. Bien bitartean, matxinoen eta trantsiziorako kontseiluaren arteko bilerek aurrera jarraitzen dute. HCNR Adiskidetze Nazionalerako Kontseilu Nagusiko presidente Abdullah Abdullahren arabera, bi aldeek «segurtasuna» mantentzea dute helburu.

Matxinoen bulego politikoko kide Anas Haqqani Abdullahrekin eta Hamid Karzai Afganistango presidente ohiarekin bildu zen atzo, bi aldeen arteko negoziazioei hasiera emanez. Talibanek bi politikari horiek gidatutako taldea jo dute herrialdeko buruzagi politiko eta etnikoekin trantsizio prozesu bat abiatzeko bitartekari gisa, «gobernu inklusibo bat» eratzeko.

Abdullah, Karzai eta beste hainbat buruzagi politiko —tartean Fazal Hadi Muslimyar senatuko presidentea— Khalil Al-Rahman Haqqanirekin ere batzartu ziren; Haqqani Sarea talde armatuko buruetako bat eta talibanen ordezkarietako bat. HCNRko buruak adierazi duenez, Kabulgo eta Afganistango segurtasuna eta «herrialdearen etorkizunerako kooperazioa» izan zituzten hizpide, eta «justizian oinarritutako Afganistan independente eta batu baten» defentsa egin zuen hark bileran. Abdullahk gehitu duenez, Haqqanik ere «segurtasuna bermatzeko» asmoa adierazi zuen, eta lider politikoen eta adinekoen laguntza eskatu horretarako. Halere, sareetan hainbat izen agertu diren arren, talibanek ez dute Emirerri Islamikoa gidatuko duen organigramaren inguruko azalpenik eman. Laster egingo dute, ordea, matxinoek azaldu dutenez.

Trantsiziorako kontseiluak elkarrizketaren aldeko apustua egin duen bitartean, Afganistango presidenteorde ohi Amrullah Salehk talibanen aurkako erresistentziarako deia egiten jarraitzen du. Axraf Ghani presidentearen ihesa medio, bere burua presidente «legitimotzat» jo du hark, eta Panjxir eskualdean dago, talibanen esku ez dagoen eremu bakarrean. Handik, beste hiri batzuetan eginiko protestak txalotu ditu. Atzo, Jalalabad hirian gutxienez hamabi lagun hil eta dozenaka zauritu zituzten talibanek, Afganistango bandera plaza batean kokatzen saiatu zirenean. Gaur are gehiago izan dira mobilizazioak; hala nola Kabulen, eta Nangarhar, Laghman eta Kunar eskualdeetan.

«Inoiz ez diot traizio egingo nire heroi Ahmad Xah Massud komandante, legenda eta gidariari. Inoiz ez naiz egongo talibanen teilatupe berean», adierazi du Salehk. Massud, Panjxirko lehoia bezala ezaguna, sobietarren eta talibanen aurkako gerretako izen nagusietako bat da; heroi nazional izendatu zuen Karzaik. Hura, ordea, 2001eko irailaren 11ko atentatuak baino bi egun lehenago hil zuen Al-Qaedak, ustez AEBen balizko inbasio bat zailtzeko. Orain, Salehk haren seme eta oinordeko Ahmad Massuden laguntza du talibanen aurka.

Erresistentzia horren presentzia indar politiko eta mugimendu sozialen arteko elkarrizketa ezinbestekoa denaren adibide da, Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavroven esanetan. Hala, «behin betiko konponbide bat» ekar dezakeen negoziazio prozesu baten beharra nabarmendu du, eta horretarako nazioarteko elkarrizketa foroa berriz sustatzeko prest agertu da. Afganistango indar politikoez gain, AEBek, Txinak, Iranek, Pakistanek eta Errusiak berak hartuko lukete parte.

Mahai horretan zaila litzateke Ghani egotea. Hark azaldu du «odola isurtzea» eragozteko egin zuela ihes Arabiar Emirerri Batuetara, eta Afganistanen alde lan egiteko asmoa duela. Kabuldik, baina, hainbat milioi euro lapurtu izana egotzi diote. Horrez gain, Etxe Zuriak ere gehitu du hura jada ez dela kontuan hartu beharreko aktore politiko bat.

EB aireportura begira

Europarlamentuko Atzerri gaietarako batzordeak ezohiko bilera bat egin du gaur. Han, EB Europako Batasuneko diplomaziaburu Josep Borrellek adierazi du bere ardura nagusia Bruselarentzat lan egin duten langileak eta euren familiak Europara ekartzea dela; 400 lagun inguru. Horietatik ehun bart iritsi dira Madrilera, Europako Batzordeko presidente Ursula Von der Leyenek jakinarazi duenez.

Kabulgo aireportura iristea da Afganistandik ateratzeko bidaiaren zatirik zailena, Borrellen esanetan. Horregatik, talibanekin hitz egiteko beharra nabarmendu du, ebakuazioak errazte aldera. Izan ere, azpiegitura hartan eta haren inguruko kaleetan tentsioak gora egin du berriz, asteartean eremua «egonkortuta» zegoela esan zuten arren. AEBetako Estatu idazkariorde Wendy Shermanek azaldu du talibanak aireportura sartzeko oztopoak jartzen ari direla zibil afganistandarrei, bi aldeek adostutakoaren aurka. Hala, Etxe Zuriak gehitu du egoera bideratzeko eta «jazarpena eteteko» harremanetan jarri direla matxinoekin.

Ebakuazioa, ordea, ez da talibanekin harremanetan jartzeko arrazoi bakarra. EBko diplomaziaburuak gehitu du ezin dutela «egoeraren kontrola» Errusiak eta Txinak hartu zain egon, haiek talibanen «babesle» bihurtu daitezkeelakoan. Hala, «botere harremanak aldatu» aurretik matxinoekin komunikatzeko bide berriak ezartzeko asmoa adierazi du; besteak beste, laguntza humanitarioa bideratuz. Hori guztia «zuhur» jokatuz egin behar da, haren esanetan, orain talibanak «euren aurpegi abegikorra» soilik ari direlako erakusten.

Txinak, berriz, talibanek azken egunetan emaniko «mezu positiboak» eskertu ditu, baina Wang Yi Atzerri ministroaren esanetan, badira ezarri beharreko hainbat marra gorri. Horietako bat da «terrorismoari babesik ez ematea». Zehazki, Txinako Xingjian eskualdeko talde armatu uigurrak dira Pekinen kezka. Hala, Borrellek adierazi arren Txinak talibanen agintea onartu duela, Wangek azaldu du matxinoek egin ditzaketen ekintzen araberakoa izango dela nazioartearen erantzuna.

Nazioartearen gutxiengo babes edo onarpen bat lortu ezean, talibanen arazo nagusietako bat ekonomikoa izango da. NDF Nazioarteko Diru Funtsak argitaratu du Kabulek ez duela sarbiderik izango erakundearen larrialdi erreserbetatik egokitu zitzaizkion 340 milioi euroetara. COVID-19ak eragindako kalteei aurre egiteko asmoz, garapen bidean dauden herrialdeetara bideratutako funtsen zati dira, eta datorren astelehenean banatu behar zituen erakundeak. Nazioarteko presioen ondorioz, ordea, Kabulek ezingo ditu erabili. «Afganistango Gobernua aitortzearen inguruko argitasun falta dago nazioartean», azaldu du NDFk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.