Mendia

Kilian Jornet, amildegiaren ertzean korrika

Erabiltzaileak ikaratu eta txunditu dituen ia minutu bateko bideo bat partekatu du korrikalari kataluniarrak Twitterren. Aholku bat ere eman die bere jarraitzaileei: «Aire zabalean korrika egiteko aholku nagusia ez erortzea da».

Kilian Jornet, amildegiaren ertzean korrika. @KILIANJ
Oihane Puertas Ramirez.
2021eko abuztuaren 20a
16:38
Entzun

«Ba al duzu bide gogokoenik?», galdetu du Kilian Jornet atleta kataluniarrak Twitterren, eta erabiltzaileak ikaratu eta txunditu dituen ia minutu bateko bideo bat partekatu du: ibiltzea ezinezkoa dirudien harrizko bidexka estu batetik ari da korrika, amildegiaren ertzean. Aholku bat ere partekatu du bere jarraitzaileekin: «Oso logikoa dela dirudi, baina ez da inoiz txarra gogoratzea: aire zabalean korrika egiteko aholku nagusia ez erortzea da. Eta zure gaitasun teknikoez ziur ez bazaude, ez joan». Zenbait erabiltzailek galdetu dute ea non dabilen korrika, baina Jornetek ez du zehaztu.

Txiolari batzuek «miresten» dutela esan diote korrikalariari, eta askok euren bide gogokoenak partekatu dituzte. Hala ere, badaude horrelako arriskua hartzea beharrezkoa ikusten ez dutenak. Erabiltzaile batek, esaterako, zera erantzun dio: «Zure bizia arriskuan jartzea ez da heroismoa edo balentria aipagarria. Eta are gutxiago beste batzuek euren bizia jokatu behar badute. Uste dut isuna jarri beharko lizuketela horrelako erokeriak egiteagatik».

Mendiko kirolaria munduko onenetakoa da ultratraileko lasterketetan; bederatzi aldiz irabazi du Zegama-Aizkorri mendi maratoia, eta, abuztu hasieran, bederatzigarrenez irabazi zuen Sierre-Zinal lasterketa. Datozen asteetan Suedian eta Eskozian lehiatuko da Jornet.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.