Pentsiodunak

Pentsiodunen mugimendua, greba orokorrera deitzearen alde

«Mobilizazio indartsuagoak» eskatu dizkie sindikatuei lan eta pentsioen erreformak indargabetzeko.

Emakume bat ukabila altxatuta, pentsiodunek deitu duten manifestazioko pankartan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko abuztuaren 23a
14:52
Entzun

Udazkena bero dator gizartean, eta Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak ez dio hozten utziko. Uste du hurrengo hilabeteetan «larrialdi sozial» bat izango dela, eta «mobilizazio indartsuagoak» eskatu dizkie sindikatuei lan eta pentsioen erreformak indargabetzeko. Ziurtzat jo dute neguan greba orokor batera deituko dela Hego Euskal Herrian, eta, sindikatu deitzaileek hala nahi badute, pentsiodunak alboan izango dituzte: «Garai honetan ezin da pauso txiki bat ere eman atzera».

Azken urteetan ohitura denez, eta Aste Nagusiko astelehena izango zenarekin batera, pentsiodunek manifestaziora deitu dute Bilbon. Mobilizazio jendetsua izan da, eta bertan plazaratu dituzte beren aldarrikapenak. Deialdia Bilboko konpartsekin batera egina zuten, baina konpartsen elastiko gutxi zeuden. Hala ere, koloretsua izan da, batez ere Santander eta Asturiastik (Espainia) etorritako pentsiodun ugariengatik. Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak asmoa du Espainiako beste elkarte batzuekin deialdi batzuk koordinatzeko, eta lotura horren isla izan da manifestazioko argazkia.

Pentsiodunak, izan ere, ez daude lasaitzeko, guztiz kontrakoa: Bilboko kaleetan estu hartu dituzte gizarte eragileak, eta greba orokorraren bidean alboan izango dituztela jakinarazi diete: «Ez dakit deialdia aurten edo 2022an izango den. Nik dakidala ez dago datarik, baina nire sumoa da negu honetan Hego Euskal Herrian greba orokor bat izango dugula», aurreratu du Jon Fanok, Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduko kideak. LAB sindikatuak Maiatzaren Lehenean nabarmendu zuen greba orokorrerako deialdiaren premia, eta azken asteetan ELAk ere hizpide izan du.

Greba posible horren helburua Espainiako Gobernuak egin beharreko lan eta pentsio sistemaren erreforman eragitea da. Izan ere, Elkarrizketa Sozialaren mahaian lorturiko akordioak «atzerapauso» bat direla iritzi dio Fanok: «2011ko pentsioen erreforma ez da indargabetu, eta egin duten gauza bakarra pentsiodunek azken urteetan bideraturiko lorpenei oinarri legala ematea da: BEZaren igoera…». Halaber, salatu du erretiro aurreratua hartua dutenek eta etorkizunean hartzeko asmoa dutenek izango duten murrizketa larria dela.

Alde horretatik, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bat egin du Espainiako hainbat elkartek Pedro Sanchez Espainiako presidenteari eginiko elkarrizketa eskaera ofizialarekin. «Orain arte ez digu kasurik egin, eta gure proposamen eta aldarriak helarazi nahi dizkiogu, guztiak egingarriak direlako». Bilera hori behartzeko mobilizazioak antolatuko dituzte urriaren 1erako, eta bereziki azaroaren 13rako: «Azken hori handia izango da. Espainiako hiri askotan egingo dira, eta guk lurralde mailan parte hartuko dugu. Sanchezi dei egitea ondo dago, baina Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari ere kontuak eskatu behar zaizkie, haien ardura ere bada eta».

Erreformaren lehen zatia, asteartean

Espainiako Gobernuak aste honetako astearteko Ministroen Kontseiluan onartuko du pentsioen erreformaren lehen zatia. Ekainean adostu zuen sindikatu eta enpresariekin, Elkarrizketa Sozialaren Mahaian. El País kazetak aurreratu duenez, Espainiako Gobernuaren asmoa irailean kongresuan bozkatzea da. Lehen zati horretan, besteak beste, KPIaren araberako pentsioen igoera bermatu dute. Hala ere, lehen zati horretatik kanpo utzi zituzten erreformaren zati gatazkatsuetako batzuk; esaterako, Jasangarritasun Faktorea delakoa ordezkatuko duen kalkulu sistema. Erlojupean ariko da Espainia, Europako Batzordeak urte amaierarako eskatu baitio pentsioen erreforma. Hala izan ezean ez luke jasoko Next Generation funtsen bigarren ordainketa, eta Hego Euskal Herriko egitasmoek Espainiaren iragazkitik jasotzen dute dirua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.