Josephine Baker da Frantziako Panteoian sartuko den lehen emakume beltza

Azaroaren 30ean lurperatuko dituzte Panteoian aktore, abeslari eta dantzari afro-amerikarraren gorpuzkiak. Bertan sartuko duten seigarren emakumea izango da.

Josephine Baker aktore, abeslari eta dantzari afroamerikarra.
Oihane Puertas Ramirez.
2021eko abuztuaren 23a
17:40
Entzun

Josephine Baker artista afro-amerikarra (Saint-Louis, Missouri, AEB; 1906-Paris, Frantzia, 1975) Frantziako Panteoian sartuko dute azaroaren 30ean. Frantziako historian erabakigarriak izan diren pertsonak omentzeko monumentua da Panteoia, eta Baker izango da han lurperatuko duten lehen emakume beltza. Gaur egun, 80 dira han lurperatuta daudenak: 75 gizon eta bost emakume.

Herritar asko agertu dira Baker Panteoaian sartzearen alde; horretarako kanpaina bat jarri zuten abian, eta 38.000 sinadura inguru bildu dituzte. Le Parisien hedabidearen arabera, erabakiaren alde agertu direnetako batzuk dira, besteak beste, Laurent Kupferman eta Pascal Bruckner idazleak, Laurent Voulzy abeslaria, eta Brian Bouillon-Baker artistaren semeetako bat.

Baker Panteoian sartzea defendatzen duen beste pertsonetako bat Jennifer Guesdon enpresaria da, eta, AFP berri agentziari adierazi dionez, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak euren eskaerari baietz esan zionean «poz handia» sentitu zuen. Presidenteak bakarrik onar ditzake monumentuan sartzen diren pertsonak, eta Guesdonek eskerrak eman dizkio hartutako erabakiagatik: «Eskerrik asko Errepublikako presidenteari baiezkoa emateagatik eta Josephine Bakerren balioak eta konpromisoak Nazioko Panteoira ekartzeagatik».

Agnès Pannier-Runacher Frantziako Ekonomia eta Finantzako Estatu idazkariak ere eman dizkio eskerrak Macroni: «Josephine Baker artista eta aktibista sutsuak erresistentzian parte hartu zuen, eta eskubide zibilen aldeko borrokan aritu zen Martin Luther Kingekin batera». «Eskerrik asko Emmanuel Macroni omenaldi honengatik», bukatu du.

Josephine Baker aktore, abeslari eta dantzariak arrakasta handia izan zuen 1920 eta 1930eko hamarkadetan. Bigarren Mundu Gerra hasi zenean, Alemania naziaren aurkako erresistentziako kide bihurtu eta Frantziako Aire Indarretako tenienteorde laguntzaile izan zen. Gerra amaitzean, Baker eszenatokietara itzuli zen, eta Frantzian, Kuban eta Ameriketako Estatu Batuetan aritu zen bidaiatzen. Arrazakeriaren aurkako ekintzaile ere izan zen, eta Martin Luther Kingekin batera aritu zen eskubide zibilen aldeko borrokan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.