Futbola

Osasunak 0-0 berdindu du Celtaren aurka

Zaleak Sadarrera itzuli dira urte eta erdiren ostean. Penalti bat huts egin dute gorriek.

Kike Garcia lurrean, Dominguezek penalti egin ostean. IDOIA ZABALETA
jon ordonez garmendia
2021eko abuztuaren 24a
00:15
Entzun

Osasunak ezin izan die garaipenik eskaini urte eta erdiren ondoren Sadarren izan diren zaleei. Gorriek 0-0 berdindu dute Celtaren aurka, eta hamalaugarren dira sailkapenean, bi punturekin. 7.700 zale izan dira futbol zelaian.

Jagoba Arrasatek aldaketak egin ditu hasierako hamaikakoan, eta Budimir aulkian utzi du. Haren ordez, Kike Garcia izan da lehen zatian ezkerretik zein eskuinetik iristen zitzaizkion erdiraketak errematatzeko arduraduna. Izan ditu gol aukerak Eibarreko jokalari ohiak, baina ez du asmatu.

Ruben Garcia eta Kike Barja izan ditu lagun Kike Garciak Osasunaren aurreko lerroan. Atzean, Aridane hasierako hamaikakora itzuli da, lehen jardunaldian lesio batengatik jokatu ezinda egon ondoren; David Garcia izan du bikotekide atzean erdian; azken horrek 200. partida jokatu du gaur Osasunaren elastikoarekin.

Hau izan da Osasunaren hasierako hamaikoa: Sergio Herrera; Nacho Vidal, Aridane, David Garcia, Manu Sanchez; Moncayola, Torro, Darko; Kike Barja, Kike Garcia eta Ruben Garcia.

Celtak ez du indarrik gorde Osasunaren aurka jokatzeko. Hau izan da hasierako hamaikakoa: Dituro; Kevin, Araujo, Dominguez, Javi Galan; Tapia; Brais Mendez, Denis Suarez, Nolito; Iago Aspas eta Santi Mina.

Lehen zatian bizi jokatu dute baloia gorriek, eta Galiziako taldeko jokalariak nahasi egin ditu behin baino gehiagotan. Lehen zati horretan, Osasunak agindu du zelaian, baina Sadarrera itzuli diren zaleek ezin izan dute golik ospatu. Bigarren zatia hasi eta berehala izan du Osasunak partidako gol aukerarik garbiena. Kike Garciari penaltia egin dio Dominguezek, baina Diturok Ruben Garciaren jartiketa oinarekin geratu du.

Arrasatek aldaketak egin ditu penaltiaren ostean, batik bat erasoan. Lehenik, Barjaren ordez Torres zelairatu da, eta, gero, Chimy Avila eta Budimir zelairatu dira Ruben Garcia eta Kike Garciaren ordez. Gol aukerak, ordea, ez dira lehen zatian bezain garbiak izan, nahiz eta erritmo azkarrean jokatu duten Arrasateren jokalariek. Partida amaitu aurretik, Cote eta Javi Martinez zelairatu dira Manu Sanchez eta Darkoren ordez.

Avilak bi gol aukera eder izan ditu partida amaitzear zela. Lehenengoan, buruz kanpora bota du Torresek erdiratutako baloia. Bigarrengoan, Coteren erdiraketa bat errematatu du buruz, baina Diturok gelditu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.