INGURUMENA

Europako azken uholdeak bederatzi aldiz gertagarriagoak izan ziren klima larrialdiaren ondorioz

Ikerketa baten arabera, berotze globalaren ondorioz prezipitazioak %3-%19 indartsuagoak dira Frantzia eta Belgika ekialdean, Alemania mendebaldean, Herbehereetan eta Suitza iparraldean

Uholdeek kalte handiak eragin zituzten, esaterako, Pepinsterren. JULIEN WARNAND / EFE
Igor Susaeta.
2021eko abuztuaren 24a
10:18
Entzun

Ikerketa batek argi zegoena baieztatu du: berotze globalak eragin zuzena eduki zuela joan den uztailean Europa erdialdeko zenbat tokitan gertatutako uholdeetan. Eta, bide batez, IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldearen azken txostenean nabarmendutakoa indartu du. World Weather Attribution taldeko zientzialarien ikerketa baten arabera, eurite horiek bat eta bederatzi aldiz gertagarriagoak izan ziren klima larrialdiaren ondorioz. Lanaren beste ondorio nagusia da prezipitazio horiek %3-%19 indartsuagoak direla Europako leku horietan.

[youtube]https://youtu.be/W5xejUoEHBk[/youtube]

Joan den uztailaren erdialdean eurite handiak jasan zituzten Frantzia eta Belgika ekialdean, Alemania mendebaldean, Herbehereetan eta Suitza iparraldean, eta gutxienez 220 pertsona hil ziren. Kalte materialak handiak izan ziren. Hain zuzen, Europako eremu horretan klima larrialdiak muturreko fenomeno meteorologikoei nola eragin diezaiekeen aztertu dute.

«Uholde horien kostu ekonomiko eta humano erraldoiek gogorarazten dute mundu osoko herrialdeek prestatu beharra daukatela klima fenomeno muturrekoi aurre egiteko. Gas isurketak murrizteko premia larria dugu, arrisku horiek eskuetatik are gehiago ihes egin ez diezaguten», nabarmendu du ikerketaren egileetako batek, Maarten Van Aalst Twenteko Unibertsitateko (Herbehereak) irakasleak. Beste 38 zientzialarik parte hartu dute lanean. Neurri meteorologikoak eta bereizmen handiko programa informatikoak baliatu dituzte ikerketarako.

Talde horretako zientzialariek ohartarazi dute Europako eremu horretan batez besteko tenperaturek gora egin ahala geroz eta ohikoagoak izango direla gisa horretako fenomenoak. «Gertakari arraroa da, baina horrelako gertakari arraroetarako prest egon behar dugu», adierazi du Van Aalstek.

Ikerketa moldea

Ikerketa egiteko, uholdeen aurretik izandako euri jasak izan dituzte kontuan. Izan ere, uholdeei buruzko informazio zehatzagoa emango zieten neurtzaile hidrologikoetako batzuk txikitu zituen uraren indarrak. Oraingoan erabili duten metodologia aplikatu izan da, batez ere, muturreko bero boladak aztertzeko. Hain zuzen, molde horretako bero boladek sute handiak eragin dituzte azken hilabeteotan Errusian, Turkian, AEBetan eta Grezian, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.