Afganistan

AEBek baieztatu dute ez dutela aldatuko Kabuldik erretiratzeko epemuga

Etxe Zuriak zehaztu du Talibanek adostutakoa betetzen badute, datorren astearterako utziko dutela Kabulgo aireportua. Matxinoek aireporturako sarbideak itxi dituzte, hango egoera «kaotikoa» dela argudiatuta.

Talibanen patruila bat, herenegun, Kandaharren. EFE
Julen Aperribai.
2021eko abuztuaren 24a
13:13
Entzun

Jakin-min handia zegoen Joe Biden AEBetako presidenteak zer erabakiko zuen talibanekin adostutako epearen inguruan, eta, G7ko goi mandatarien bilera bukatu eta gutxira, Etxe Zuriko iturri batek CNN telebista kateari baieztatu dio ez dela aldaketarik izango hasierako planean: «Biden presidenteak, segurtasun nazionalerako bere talde osoarekin kontsulta egin ostean, erabaki du abuztuaren 31ko epemugari eustea Afganistango tropak erretiratzeko». Lehentxeago, Pentagonoak ere jakinarazi du ez dela aldaketarik izango epeetan, John Kirby bozeramailearen bidez. «Detaileak» ematea baztertu duen arren, Kirbyk adierazi du ez duela «desberdintasun handirik» ikusten AEBetako Gobernuak publikoki egindako adierazpenen eta talibanekin izandako elkarrizketen artean: «Talibanak oso argi utzi dute zer espero duten».

Bileraren ostean, Jen Psaki Etxe Zuriko Prentsa idazkariak jakinarazi du horretarako baldintza bakarra talibanek hitzartutakoa betetzea dela: «Misioa hilaren 31an bukatzea talibanen koordinazio jarraituaren mende dago, tartean Kabulgo aireporturako sarbidea libre uztea», adierazi du. Izan ere, atzerriko indarrek datorren astearterako amaitu behar dituzte ebakuazioak, talibanekin adostutakoaren arabera, baina, Kabulgo aireportuko egoera ikusirik eta bere aliatuen presioak tarteko, epea luzatzeko aukeraz hitz egin zuen herenegun Joe Biden AEBetako presidenteak.

Hori egiteak izango dituen «ondorioez» ohartarazi zuten ondoren talibanek, baina, adierazpen publikoak alde batera utzita, bi aldeen arteko negoziazioak izan direla ere jakin da gaur, The Washington Post egunkariaren bidez. Hedabide horrek zabaldu duenez, William Burns CIA AEBetako Inteligentzia Agentzia Zentraleko zuzendaria talibanen ordezkaritza batekin bildu zen atzo Kabulen; besteak beste, Abdul Ghani Baradar mullarekin, haien lider politiko nagusietako batekin. Egunkariak dio epeen luzapenaz hitz egin zutela. Muyahidek esan zuen ez duela bilera horren inguruko informaziorik, baina ez du ukatu negoziazioak izan direnik.

Ikusteko dago AEBen aliatuek nola hartuko duten erabakia. Izan ere, ebakuazioaren luzapena onartzeko presio egiten aritu zaizkio; batez ere, Erresuma Batua eta Frantzia. Nicolar Roche Frantziako Atzerri Ministerioko goi funtzionarioak jakinarazi du plana bere horretan mantenduz gero etzi bukatu beharko dituztela herritarrak ebakuatzeko lanak, kontu «logistikoak» direla eta.

Talibanak aurreratu egin zaizkio Mendebaldeko aliatuek ebakuazioen epemugaren inguruan hartu beharreko erabakiari, eta jakinarazi dute itxi egin dituztela Kabulgo aireporturako sarbideak —haiek kontrolatzen dituzte—, hara joatea galaraziz milaka herritarri. Aireportuko egoera «kaotikoa» dela argudiatuta egin dutela azaldu zuen Zabihula Muyahid bozeramaileak, prentsaurreko batean, eta aireportuaren inguruan pilatutako herritarrei etxera erretiratzeko eskatu zien: «Guk bermatuko dugu haien segurtasuna».

Exekuzioen froga «sinesgarriak»

Talibanek nazioarteratu nahi duten irudi moderatu eta adeitsua desitxuratzeko moduko jokabideen berri eman du, gainera, Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordeak. Michelle Bachelet goi mandatariaren arabera, hark gidatutako taldeak talibanek egindako exekuzioen inguruko txosten «sinesgarriak» jaso ditu; besteak beste, zibilei eta Afganistango Gobernuaren alde aritutako segurtasun indarretako kideei eginikoak.

Matxinoek agintera iritsi zirenetik egindako giza eskubideen urraketen zenbait kasu zerrendatu ditu Bacheletek, eta horien artean bereziki nabarmendu ditu emakumeen eskubideen murrizketak. «Oinarrizko marra gorria» direla adierazi du. Talibanen mehatxupean daudenez ere aritu da goi mandataria: «Beldur handia dago emakumeen, kazetarien eta gizarte zibilean azken urteetan lidergoa hartu dutenen artean». Nasir Ahmad Andisha Afganistango Gobernuko diplomazialari ohiak, agerraldi berean, «gutxiengo etniko eta erlijiosoenganako indarkeriaz eta jazarpenaz» ohartarazi du. Azaldu du Afganistanen egoera «zalantzazkoa eta beldurgarria» dela, eta milioika lagunek bizia galtzeko beldurra dutela. Adierazpen bateratu bat aurkeztu dute, halaber, giza eskubideen alorrean jarduten duten zenbait adituk. Salatu zuten herritar asko etxean ezkutatuta daudela, eta, bitartean, talibanak etxeak erregistratzen ari direla, «atez ate».

Pakistanek ere parte hartu du foroan, Batzar Islamikoko Erakundearen bitartez, eta Giza Eskubideen Batzordeari ebazpen proposamen bat egin dio, zeinetan giza eskubideen urraketen inguruko kezka agertzen duen. Hala ere, proposamenean ez dituzte talibanak espresuki aipatu, eta haiek egindako urraketen kontrolerako mekanismorik ere ez dute proposatu. Batzordeak, dena den, «aztertu» egingo duela adierazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.