Datuak

Hilabetean %70 murriztu da eguneko positiboen kopurua

Osakidetzak eta Osasunbideak 607 kutsatu zenbatu dituzte asteleheneko testetan; orain hilabete, bi milatik gora ziren. Hegoaldeko ZIUetan 106 paziente dira gaitzarekin, bezperan baino zazpi gutxiago.

Zenbait herritar Gasteizko kalebatean, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko abuztuaren 24a
13:17
Entzun

Birusaren transmisioaren beheranzko joera berresten ari da egunetik egunera Hego Euskal Herrian. Kutsatuen kurba maldan behera da azken lau asteotan, aski malkartsu. Orain hilabeteko datuekin alderatuta, leuntzea bistakoa da: atzo 607 kasu positibo zenbatu zituzten Hegoaldean egindako probetan. Uztailaren 24an, berriz, 2.077 detektatu ziren; halako hiru baino gehiago, alegia. Halaber, hamar egun joan dira kutsatuen kurbak azken aldiz milakoa gainditu zuenetik.

Zehazki, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako informazioaren arabera, Osakidetzak eta Osasunbideak 7.879 diagnostiko proba egin zituzten atzo COVID-19a detektatzeko, eta, beraz, positiboen ehunekoa %7,7 izan zen Hegoaldean. Kutsatuei buruzko datuak lurraldeka aztertuta, Bizkaian zenbatu zen positibo gehien: 260. Gainera, Gipuzkoan 178 izan ziren; Nafarroan, 102, eta Araban, berriz, 60.

Beste 53 ospitaleratze

Kutsatzeak leunduta ere, oraindik ere nabarmena da birusak osasun zentroetan utzitako arrastoa. Nekez ari da ospitaleetako okupazioa arintzen. Azken datuen arabera, atzo beste 53 lagun ospitaleratu zituzten gaitzak jota, eta, horiek aintzat harturik, oraintxe bertan 410 paziente dira erietxeetan sarturik. Horietako 106 ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan dira. Aurreko eguneko datuen aldean, kopurua murriztu egin da: zazpi gutxiago daude, zehazki.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.