65 urtetik gorakoek hirugarren dosia hartzen ahalko dute Iparraldean

Frantziako Osasun Aginte Gorenak gomendatu du COVID-19aren kontrako txertoaren hirugarren dosia pauta bukatu ondotik sei hilabetera egitea.

Gizon bat txertoa jartzen, Hendaiako (Lapurdi) txertaketa gunean. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko abuztuaren 24a
15:40
Entzun

Frantziako Gobernuak ireki zuen hirugarren dosia jartzeko kanpainaren atea, eta Frantziako Osasun Aginte Gorenak oniritzia eman du. Irailetik hasita, 65 urtetik gorakoek eta herritar zaurgarriek aukera izango dute txertoaren hirugarren dosia jartzeko. Hirugarren ziztada bigarrena hartu eta sei hilabetera egin beharko dute, gutxienez. Frantziako Osasun Aginte Gorenak argudiatu du delta aldaeraren aitzinean immunitatea sendotzeko balio duela hirugarren dosiak. Janssen dosi bakarreko txertoaren kasuan, bigarren dosia RNA mezularitza baliatzen duen txerto batekin egiteko gomendatu dute.

«Antolaketa arrazoi batzuengatik», hirugarren dosia jartzeko kanpaina gripearen kontrako txertaketa kanpainarekin bateratu nahi du Frantziako Osasun Aginte Gorenak; irailetik aitzina irekiko dute hirugarren ziztada hartzeko aukera. Hala, gripearen eta COVID-19aren kontrako txertoak momentu berean jartzen ahalko dituzte 65 urtetik gorakoek eta herritar zaurgarriek.

Oraingoz, Frantziako Osasun Aginte Gorenak esan du ez duela beharrezkoa ikusten gainerako herritarrei hirugarren dosia jartzea.

Gainera, Frantziako Osasun Aginte Gorenak dei egin die 80 urtetik gorakoei COVID-19aren kontra txertatzeko. Izan ere, adin tarte horretako herritarren %79,9k hartu dute txertoa Frantziako Estatuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.