AFGANISTAN

Joe Biden: «Jazarri egingo dizuegu, eta ordainarazi»

Estatu Islamikoaren Afganistango adarrak bere gain hartu ditu Kabulen dozenaka hildako eragin dituzten bi erasoak. Gutxienez 60 afganiar daude hildakoen artean. Atentatuetan zendutako AEBetako soldaduak hamahiru dira. AEBetako presidenteak mendekua iragarri du.

Jendetza, atzo, Kabulgo aireportuaren kanpoaldean. AKHTER GULFAM / EFE
Julen Aperribai.
2021eko abuztuaren 27a
00:20
Entzun

Kabulen atzo gertatutako atentatuetan dozenaka lagun hil eta zauritu zituzten —gehienak zibil afganiarrak dira, gutxienez 60—, eta AEBetako armadako hamahiru soldadu daude EI Estatu Islamikoaren Afganistango adarrak bere gain hartutako bi erasoetan hildakoen artean. Hori dela eta, Joe Bidenek mendekua iragarri du. «Ez dugu barkatuko. Jazarri egingo dizuegu, eta ordainarazi», nabarmendu zuen AEBetako presidenteak, atzo, Etxe Zurian egindako prentsa agerraldian.

«Terroristek ez dute irabaziko», esan zuen, eta jakinarazi Pentagonoari eskatu diola diseinatu ditzala askotariko planak EIren kokalekuei eraso egiteko. AEBetako tropak hilaren 31n dira Afganistandik ateratzekoak. Hori da epemuga. Nolanahi ere, atzokoaren ondoren Bidenek ez du baztertzen soldadu gehiago bidaltzea hara.«Militarrek indar gehigarria behar baldin badute, nik onartu egingo dut».

Hainbatetan ohartarazi eta gero gertatu ziren atzoko erasoak. Bi leherketa izan ziren Kabulgo aireportuaren kanpoaldean. AEBetako Pentagonoko bozeramaile John Kirbyk zehaztu zuenez, horietako bat Abbey atean izan zen, aireporturako lau sarbideetako batean, eta bestea, Baron hotelaren inguruan; esan zuen «estatubatuarrak eta zibilak» zeudela «biktimen» artean. Gerora, Etxe Zuriak jakinarazi zuen gutxienez hamahiru soldadu estatubatuar daudela hildakoen artean, eta hamabost zauritu. Talibanek ere baieztatu zuten leherketa, eta, haien iturriek Al-Jazeera kateari emandako informazioaren arabera, gutxienez hamahiru lagun hil zituzten. Azken datu ofizialen arabera, gutxienez 85 dira erasoetan hildakoak, eta zaurituak, 150 inguru.

Reuters berri agentziak, AEBetako armada iturri moduan aipaturik, adierazi zuen lehen leherketa eraso suizida baten ondorio izan zela, eta bigarrengoan, berriz, bonba-auto bat zartarazi zutela. AEBetako funtzionarioek hainbat hedabidetara filtratu zuten EI Estatu Islamikoaren Afganistango adarra— Jorasan Probintzia Estatu Islamikoa— zela susmagarri nagusia, eta taldeak berak bere gain hartu zituen erasoak.

AEBek eta haren aliatuek esana zuten aireportua geroz eta eremu arriskutsuagoa bihurtzen ari zela, eta eraso bat izateko arriskua handiagotzen ari zela. Argudio hori erabili zuen AEBek Kabulen duen enbaxadak herritarrei eskatzeko hara ez gerturatzeko, AEBetako funtzionarioen bestelako jarraibiderik jaso ezean. Erresuma Batuak ere egina zuen ohartarazpena. James Heappey Erresuma Batuko Indar Armatuetako ministroaren azpikoak esan zuen EIren «berehalako eraso bat» izan daitekeela zioen informazio «oso sinesgarria» zutela.

Segurtasunik ezagatik, ebakuazio lanak utzi zituzten atzo, hain justu, egunotan horretan aritutako Europako bost herrialdetako gobernuek: Poloniak, Hungariak, Herbehereek, Danimarkak eta Belgikak. Frantziak eta Espainiak bihar dituzte amaitzekoak lanok, eta pentsatzekoa da, hori egiten azkenak izango diren arren, atzoko ustezko erasoaren ondoren, erretiroa aurreratuko dutela AEBek eta Erresuma Batuak.

Ez zuen halakorik iradoki NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusi Jens Stoltenbergek, eta nabarmendu zuen «ahalik eta jende gehiena leku seguruetara eramatea» segitzen duela izaten «lehentasuna».

Oraingoz, atzerriko tropek 95.000 lagun inguru ebakuatu dituzte talibanek agintea hartu zutenetik, Etxe Zuriak atzo emandako datuen arabera. Moteltze bat nabari da ebakuazio erritmoan, azken egunetakoarekin alderatuta. Izan ere, asteartean eta asteazkenean eguneko 20.000 lagun ere atzerriratu zituzten.

Lurrekoa ere, gurutze bidea

Airez ez ezik, lurrez ere herrialdetik ihes egiten saiatzen ari dira Afganistango herritarrak, baina ez du ematen aireportukoa baino bide errazagoa denik. Afganistanek mugakide dituen herrialde guztietarako pasabideetan kontrol postuak jarri dituzte talibanek, eta Pakistanek eta Iranek itxiak dituzte euren mugak. Dokumentazioa eguneratua dutenek soilik igaro ditzakete. Iran laguntza humanitarioa eskaintzen ari da zenbait tokitan, behin-behinean. Migratzaile askok, Iranera zuzenean sartu ordez, Pakistanera jo ohi dute lehenengo, eta Sistan Balutxistan probintziatik sartu ohi dira Iranera.

Izan bide hori egiteko, izan Pakistanen geratzeko, milaka lagun pilatuta daude Spin Boldak mugako bidean, Afganistan eta Pakistan artean. Zenbait kazetarik ohartarazi dute larriagotzen ari dela egoera han, nahiz eta foku mediatikoa Kabulen zentratuta egon.

Gainera, datorren asteartera gerturatu ahala —ordurako amaituak behar dituzte Kabulgo ebakuazioak— espero da ugaritu egingo dela ihesera lurrez abiatuko direnen kopurua, nahiz eta talibanek azpimarratu hegaldi komertzialetan atera ahalko dela herrialdetik. UNHCR Iheslarientzako NBEren Agentziak uste du milioi erdi afganiarrek alde egingo dutela bizilekutik, eta Afganistandik ihes egiten ahaleginduko direla. Horrez gain, Pakistani eskatu dio herrialdera sartzen uzteko «bizia arriskuan duten afganiarrei». Erakundeak Pakistanen duen bozeramaile Qaiser Khan Afridik azaldu du Islamabadek ez diela horretarako aukerarik ematen bisarik ez dutenei. Pakistango Armadako komunikazio zuzendari Babal Iftikharrek segidan erantzun dio, esanez bere herrialdeko mugetan ez dagoela errefuxiaturik.

Iheslarien olatuak migrazio politikak berrikustera behartu ditzake inguruko herrialdeak, Mendebaldearen eta, batez ere, Europako Batasunaren presioen eraginez.

Turkiako Gobernua izan da migratzaileak gerarazteko neurriak hartzen aurrenetakoa, ohi duen moduan. Iranekin muga egiten duten Igdir eta Agri probintzietan 156 kilometroko horma bat eraiki du, eta murru hori iristen ez den lekuetan ere jarri ditu hesiak. Horrez gain, Ankarak eskua luzatua die talibanei, behin atzerriko gainerako tropak Kabulgo aireportutik joandakoan, haren segurtasunaren kontrola izaten utz diezaion. Talibanen erantzunaren zain jarraitzen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.