Hiru puntuak, eta lepoko txuri-urdinak zerura

Realak Levanteri irabazi dio, eta sasoiko bigarren garaipena lortu du. Azken bi jardunaldietan, bi gol egin eta bi jaso ditu. Alex Sorloth lehen aldiz aritu da txuri-urdinekin.

Ander Barrentexea, partidako gol bakarra ospatzen. Donostiarrak egin du txuri-urdinen gola. IñIGO URIZ / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko abuztuaren 28a
22:24
Entzun

Futboleko emaitza baten berri jakiteko, ez da partida baten amaieran hura jokatu den estadioko atera gerturatzea bezalakorik. Handik irteten diren zaleen aldarteak agerian uzten du taldeak helburua lortu duen ala ez. Barruan gozatu duten ala ez. Realeko jarraitzaileak Anoetara itzuli direnez geroztik, dena izan da bozkario estadioa uzterakoan. Bi neurketa jokatu, eta bi garaipen eskuratu dituzte. Gaur, 1-0 menderatu dute Levante.

Oraindik murritza da estadioetara joan daitezkeen zaleen kopurua. Leporaino beteta egoteko baimenik ez da, oraingoz. Azken aldiz mukuru beteta zenetik mende bat igaro dela dirudi, eta, gainera, 2020ko martxoan estadiora joaten ziren bazkide batzuk ez dira sekula itzuliko. Eten luze baten ondorioak dira. Denboraren joana omen da bizitzaren lege gorena. Onartu beharra dago.

Gaur Anoetan izan direnen artean, ordea, lehengo lepotik burua. Batzuk aurreko astean ere han izan ziren, Hiru puntuak bildu izana ospatu zuten. Gaurkoan ere, berdin. Realeko lepokoak airean ibili zituzten. Zerua txuri-urdina izan da.

Bederatzitik sei puntu eskuratu dituzte donostiarrek. Hiru jardunalditik bi irabazi, eta bat galdu dute. Justuko garaipena eskuratu dute (1-0), baina garaipena, azken finean. Aurrekoan Rayo Vallecanoren aurka bezala. Lehengo asteko lanarekin gustura geratu zela esan zuen Imanol Alguacil teknikariak, eta, akaso, horregatik hautatu du hamaikako berbera Levanteren aurka aritzeko.  Distira baino, sailkapeneko kokapen erosoa lehenetsi du prestatzaile oriotarrak.

Izan ere, Realak urrun du lehengo joko dotorea. Eraginkortasunaren aldeko apustua egin du, eta oraingoz, emaitzak lortzen ari da. Defentsako jarduna izan da txuri-urdinen lan azpimarragarriena: Aritz Elustondok eta Robin Le Normandek birritan pentsatu gabe moztu dituzte Levanteren erasoko jokaldiak, eta bisitariek zigorra eskatu badute ere, ez da halakorik izan: maila oso onean aritu dira erdiko atzelariak.

Defentsako lan sendoari erasoko jokalarien printzak gehitu zaizkie. Realak ez du lehengo erritmorik eta bizitasunik. Hori bai, une jakinetan aldeak markatzen dakiten jokalariek dituzte. Partidako gol bakarra izan dahorren adibide. Lehen zatiko 42. minutuan ezker hegaletik jokaldi bat antolatu dute etxekoek, eta David Silvak orpoz emandako baloia indarrez errematatu du Ander Barrenetxeak. Donostiarrak gola egin, eta garaipenerako bidean jarri du bere taldea.

Hortik aurrera, partidak gora-behera handiak izan ditu. Alex Remirok huts egin du zenbait irteeretan, eta atzeko lerroak lan asko egin behar izan du. Haatik, bigarren zatian neurketa grisa jokatu duten bi taldeek, eta Realak azken minutuetan izandako oldarraldiak bigarren gola egiteko bidean jarri ditu txuri-urdinak. Ez dute lortu.

Lehen hartu-emana

Realak aldeak handitu nahi izan ditu baina zutoinak, lehenik, eta Alexander Sorlothen saialdiak, gero, ez dute emaitza onik izan. Aurrelari norvegiarra gaur aritu da Realarekin estreinako aldiz. Norgehiagokaren azken zatian zelairatu da. Oraindik badu denbora bere maila agerian uzteko.

Robert Navarro izan da beste berritasun nagusia. Jokalari kataluniarrak joan zen urteko abenduan jokatu zituen lehen minutuak Espainiako Ligan, Realaren elastikoa soinean, baina orduko ordu erdia baino emankorragoa izan dira oraingo hamar minutuak.

Izan ere, gola sartzeko aukera izan dui, eta lortu ez badu ere, irabazi egin du Realak. Gustura mintzatu da Imanol teknikaria norgehiagokaren amaieran: «Pozik nago. Bi partida segidan irabazi ditugu, atea hutsean mantenduta. Bi gol egin ditugu bi partidetan baina sei puntu lortu ditugu. Gol gehiago ezin baldin baditugu egin, ona da alerik ez jaostzea». Halaber , Imanolek «taldearen jarrea» goratu du.

PSV, Europako lehen arerio

Espainiako liga abian, Europa liga da Realak hasiko duen hurrengo txapelketa. UEFA erakundeak atzo eman zuten argitara multzoen faseko egutegia. Imanolen taldeak etxetik kanpora hasiko du txapelketa, PSV EIndhovenen zelaian, Herbehereetan. Irailaren 16an jokatuko da norgehiagoka hori (21:00). Bi aste geroago, hilaren 30ean jokatuko du Anoetako lehen neurketa, Monakoren aurka (18:45). Hirugarren jardunaldia urriaren 21ean jokatuko da, eta donostiarrak Sturm Grazen  zelaian ariko dira (21:00). 
Berriz ere austriarren kontra jokatuz ekin dio bigarren itzuliari: Azaroaren 4an, Anoetan (18:45). Bi aste geroago ariko da Monakon (21:00), eta abenduaren 9an amaituko du multzoen fasea, etxean, PSV Eindhoven jasoz (18:45).  Realeko zaleek irrikaz itxaron dute egutegia, taldea kontinentean zehar segitzerik izango duten jakin ez arren. Irail hasieran hartuko dute horren inguruko erabaki bat.  Aurreko sasoian, ez zuten bidaiatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.