INDARKERIA MATXISTA

Bortxatu egin dutela salatu du neska adingabe batek Plentzian

Bortxaketa larunbatean gertatu zen, 02:30ak aldera. Ertzaintza taldeko bortxaketa bat izan ote zen ikertzen ari da.

Sorginen Alabak talde feministak atzo deitutako elkarretaratzea. ARITZ LOIOLA/FOKU
jone arruabarrena
2021eko abuztuaren 30a
10:15
Entzun

Plentziako (Bizkaia) hondartza inguruan egin zioten eraso 17 urteko neskari, larunbatean, 02:30ak aldera. Ertzaintzak ikerketa bat jarri du martxan, taldeko eraso bat izan ote zen argitzeko, baina oraindik ez dute inor atxilotu.

Atzo goizean jarri zuen salaketa biktimak, eta arratsaldean ehunka lagun bildu ziren Sorginen Alabak talde feministak deitutako elkarretaratzera, erasoa gaitzesteko. «Ez dugu inolako eraso matxistarik onartuko», adierazi zuten.

Gaurko bozeramaileen batzarrera deitu du Plentziako Udalak, gertakaria salatzeko ohar bateratu bat kaleratzeko asmoz. Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak ere sare sozialen bidez salatu zuen gertakaria: «Beti egongo gara biktimen alde. Ez beti da ez».

Bizkaiko Foru Aldundiak ere bere babesa adierazi dio eraso egin diotenari, eta gertakarien salaketak daukan garrantzia ere azpimarratu du: « Gizarte osoak modu bateratuan horrelako erasoak gaitzestea beharrezkoa da, erasotzaileak sozialki isolatzeko». Horrez gain, nabarmendu du emakumeek gizonek bezainbesteko eskubidea daukatela «espazio publikoaz gozatzeko», eta testuinguruak, edozein izanda ere, ez dituela eraso horiek justifikatzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.