Iraultza Txikien Akanpada

Bukatu da Iraultza Txikien Akanpada

Iraultza Txikien Akanpadako momentu bat. RAUL BOGAJO, FOKU
Oihane Puertas Ramirez.
2021eko abuztuaren 30a
13:27
Entzun

Herri mugimenduen bilgune izan da Iraultza Txikien Akanpada bost egunez, Arteagako Basoa etxean (Bizkaia). 30 hitzaldi, tailer eta mahai inguru egin dituzte, eta abuztuaren 25etik 29ra bitartean elkarrekin borrokatzeko, gogoetatzeko eta eraikitzeko bilgune izan da. Kontzertuak, mendi martxak eta antzezlanak ere izan dituzte, eta txikienentzako ekintzak antolatu dituzte egunero.

Abuztuaren 25ean, asteazkena, bazkalostean egin zuten harrera ekitaldia, eta arratsaldean LGTBIQ+ kolektiboaz, mugimendu feministaz eta ekonomia sozial eraldatzaileaz aritu ziren. Lehenengo egunari amaiera emateko, Ane eta Maddi kantautoreen kontzertua izan zuten.

Luzaketekin eta arnasketekin ekin zioten bigarren egunari, eta gosaldu ondoren antolatu zituzten krisi ekologikoaren ondoriozko mehatxu eta erronken hitzaldia, herri mugimenduetan jazotzen diren eraso matxistei erantzun kolektibo bat emateko tailerra, eta internazionalismoen begiradei buruzko mahai ingurua. Bazkaloste musikatuaren ondoren egin zituzten arratsaldeko saioak. Besteak beste, hitz egin zuten trans borrokari buruz, lurraren defendatzaileei buruz eta etxebizitzaren borrokari buruz. Afalosteko rap gauak eman zion amaiera bigarren egunari.

Gorputza luzatu, arnasketak egin eta gosaldu ondoren, garaipenez aritu ziren kanpaldiko hirugarren egunean. Goizean, Next Generation funtsak izan zituzten hizpide, baita borroka arrakastatsuak eta euskalgintza ere. Bazkalostean Los caminos de la vida antzezlana ikusteko aukera izan zuten, Kuluxka konpainiaren eta Arteako emakumeen eskutik. Arratsaldean, ustelkeriari buruz, espetxe ereduari buruz, elikadura burujabetzari buruz, eta antiespezismoari buruz aritu ziren, besteak beste. Bertso afariak eman zion amaiera egunari.

Larunbat goizean, azoka erakusketa eta tomate dastaketa antolatu zuten Arteako plazan (Bizkiaia). Horrez gain, izan zituzten Arratiako borroken kontaketa ibiltaria, literatura eta euskal gatazkari buruzko hitzaldia, eta komunikabide alternatiboei buruzko mahai ingurua.

Nerea Arriolaren bakarrizketaren ondoren ekin zieten arratsaldeko saioei: komunitate alternatiboak, eskubideak eta pribilegioak, prekaritatea, eta eraldaketa soziala izan zituzten hizpide. Afalostean, Eingo musika taldeak girotu zuen kanpaldiko azken gaua.

Azkeneko egunean, mural bat margotzeaz gain, mendi martxa bat egin zuten, Eukaliptorik ez, haritza bai! lelopean.

Bazkalostean folkaraokea egin zuten, eta arratsaldeko itxiera ekitaldiak eman zioten amaiera bost egunetako kanpaldiari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.