Ekialde Hurbila

Israelgo soldaduek palestinar bat hil dute tiroz

Raed Jadallahk 39 urte zituen, eta lanetik etxera zihoan tirokatu zutenean. Tel Avivek ez du azalpenik eman.

Palestinarren protesta bat, herenegun, Gazan. MOHAMMED SABER, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko irailaren 1a
11:46
Entzun

Abuztuan sei palestinar hil dituzte tiroz Israelgo segurtasun indarrek; azkena Raed Jadallah. 39 urteko palestinarra Zisjordaniako Beit Ur al Tahta herrira zihoan tirokatu zutenean. Komunikabideek zabaldu dutenez, Jadallah lanetik etxera zihoan eraso ziotenean. Tel Avivek ez du gertatutakoaren inguruko azalpenik eman, baina bai esan du «tiro egitera zihoalako» tirokatu zutela soldaduek, eta, hasieran ihes egitea lortu zuen arren, handik ordubetera hil zela.

Palestinako Atzerri Ministerioak exekuziotzat jo du hilketa, eta iragarri du salaketa aurkeztuko duela Nazioarteko Zigor Auzitegian. «Kontrolguneetan dituzte soldaduei agintzen diete gertu igarotzen diren palestinarrei tiro egiteko», salatu du ministerioak ohar batean.

Bestalde, azken asteetako protestak baretze aldera, Israelgo Gobernuak iragarri du Gazan eraikuntzarako materiala sartzea baimendu eta arrantza eremua handituko duela —Osloko akordioen arabera, Gazako herritarrek 37 kilometro koadroko arrantza eremua lukete, baina Israelek inoiz ez du neurria bete—. Maiatzeko erasoaldiaz geroztik, Tel Avivek zorroztu egin zuen Gazaren aurkako blokeoa, hainbat baliabide debekatuz. Astelehenaz geroztik, baina, arindu egin dute blokeoa. Giza laguntzara bideratutako gobernuz kanpoko erakundeek, ordea, gutxiegitzat jo dute urratsa.

PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbasen eta Israelgo Defentsa ministro Benny Gantzen bilera eta bi egunera datoz neurriok. Abbas eta Gantz joan den astelehenean bildu ziren. PANeko buruak Tel Aviveko goi agintari batekin 11 urtean egiten zuen lehen bilera izan zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak