Greba orokorra

«Euskal Herritik eta Euskal Herrirako» greba orokorra aldarrikatu du LABek

Protestaldiak ez du data finkorik oraindik, baina sindikatuak uste du ez duela Madrilgo Elkarrizketa Sozialeko mahaiaren baitan egon behar

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusia. GARAZI VELASCO / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko irailaren 1a
13:29
Entzun

LAB sindikatuak greba orokor baten premia berretsi du. «Lantokietan eta kaleetan zabalik dauden borrokak bultzatu eta haiekin bat egiteko beharrezkoa» dela aldarrikatu du Garbiñe Aranburu LABeko idazkari orokorrak. Euskal gehiengo sindikalak egitasmoa babesten duela nabarmendu du, eta deialdia «Euskal Herritik eta Euskal Herrirako izan behar duela», alegia, «Madrilgo Elkarrizketa Sozialeko mahaiaren baitan egon gabe». Datarik ez du zehaztu, ezta aurten edo 2021ean izango den ere, baina berandu jota neguan beharko luke.

LABek egoera sozioekonomiko hainbat gairen errepasoa egiteko agerraldian nabarmendu du greba deialdiaren beharra. Sindikatuak Maiatzaren Lehenean plazaratu zuen deialdia egiteko bere asmoa eta azken hilabeteetan ELAk eta Pentsiodunen Mugimenduak ere esan dute begi onez ikusiko luketela. Aranburuk onartu du harremanetan daudela haiekin, eta greba «erasora» planteatu behar dela, enpresei aurre egin eta «Gobernu autonomikoak» interpelatu eta Madrilgo Gobernua presionatzeko.

Aranburuk kritika zorrotza egin dio Madrilgo Elkarrizketa Sozialaren egiturari, «negoziazio kolektiboa zentralizatu» duelako eta «ia erabateko boterea ematen dielako enpresei». Era berean, UGTri eta CCOOri «nahikoa presio sozial” ez egotea egotzi die. Mahaiaren baitan daude lan eta pentsio sistemaren erreforma, eta gutxieneko soldata. Azken horren harira, gogoratu dute LABen eskaera zien den: «Batez besteko soldataren %60, 1.400 euro».

Pentsioen erreformatzeko proposamenean sakondu du Aranburuk. Bere ustez KPIaren igoera hutsak ez du pentsio duinik bermatzen, eta «oso motz gelditzen da». Erreforma proposamenaren hainbat xehetasun argitzeke daude, baina sindikatuak susmoa du iraunkortasun faktorea ez dela desagertuko. «Ematen du izena aldatuko diotela eta antzerako beste adierazle bat sortuko dela», iragarri du.

Egunerokotasunari buruzko beste gai batzuk ere aztertu ditu. Esaterako Tubacexek langileek enpresarengandik jasotako azken eskaintza baloratu du, eta hark negoziatzeko duen «borondate eza» kritikatu du. «Langileek esan dute edozer gauza baloratzeko prest daudela ebazpena errespetatzen ba». Argindarraren igoera «eskandaluzkoa» dela iritzi dio eta energia bezalako sektore estrategikoek ezin dutela jarraitu esku pribatuetan. «Enpresei enpatia soziala eskatzea txantxa bat da», nabarmendu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.