KONTXAKO BANDERA

Murrizketak, haserreak eta desadostasunak

Kontxako Banderaren lehen jardunaldia tristetzat definitu du bertaratu den orok, eta estropadak bertatik bertara jarraitu ahal izateko ezinbestekoa zen sarrera izatea. Nahiz eta murrizketekin ados ez egon, batek baino gehiagok ez du jarduna galdu izan nahi.

Ikusleak, eremu sartu zain, sarreran. IñAKI FERNANDEZ GURIDI
Iñaki Fernandez Guridi.
2021eko irailaren 1a
20:24
Entzun

Donostia euriaren mehatxupean esnatu da gaurkoa bezalako egun berezi batean. Azken egunetako egun eguzkitsuek egun eder bat izango zela pentsarazi zuten. Gainera, are bereziagoa izan da, iaz publikorik gabe ospatu baitzen pandemiaren ondorioz. Nahiz eta aurten murrizketak izan, gutxinaka-gutxinaka normalitatea berreskuratzen hasi da Kontxako Bandera.

Hasiera tristea izan du irailak Donostian. Euria etengabe egin ez badu ere, prezipitazioen mehatxua etengabea izan da egunaren hasieran. Kontxako hondartza hutsik egon da. Bitartean, irteera ordenaren zozketa egiten ari ziren Donostiako udaletxean, parte hartu duten taldeetako ordezkari guztiak bertan zirela. Bazkalostean ostarteak ireki dira, eta azkenean euriak errespetatu egin du Kontxako Banderaren lehen jardunaldia.

Inoiz baino zale gutxiago hurbildu dira Donostiara, gaur egungo egoeraren ondorioz. Gainera, sarrera erosi beharrak eta edukiera murriztu izanak ez du batere lagundu. Hala ere, Donostian izan diren zenbaitentzat garrantzi handiko eguna izan da. Juan Luis Martinezen eta Lorena Gonzalezen kasuan, beren alaba Deustuko traineruan dabil, eta hura ikustera joan dira. Egun «berezia» dela aitortu dute, eta, behin sailkapena lortuta, argi dute: «Igandean disfrutatzea nahi dugu».

Hala ere, ez dute egun horretako probarako sarrerarik izango, eta beste plan bat daukate: «Lagun batzuekin bazkaltzeko geratu gara, eta estropadak ahal dugun moduan ikusiko ditugu. Ahal dugun moduan aprobetxatu behar dugu». Ezarri dituzten neurriekin ez daude batere ados: «Euskal Herrian asko esajeratzen dugu. Beste leku batzuetan edukiera handiagoa daukate, eta hemen oso txikia, eta aire librean da, gainera. Ez dut sistema ulertzen; denok neurri berdinak izan beharko genituzkeela uste dut. Kontraesanezko neurriak dira, baina saiatuko gara ahalik eta hobekien eramaten. Niretzat ulertezina da».

Juan Ramon Carmona eta Carmen Rosi Donostian daude oporretan, beren alaba Hibaika arraun elkarteko kide baita. «Oso urruti bizi gara, eta ezin gara beti etorri. Bestela, streaming bidez jarraitzen dugu». Tarragonako familiarentzat ez da lehen aldia izan Kontxako Banderan: «Duela bi urte ere egon ginen. Nire alaba oraindik ez zegoen Hibaikan, eta estropadak gustatzen zaizkigulako etorri ginen». Bikoteak ere giroaren inguruko irakurketa negatiboa egin du: «Duela bi urte sekulako giroa zegoen, baina aurten oso triste dago. Ez dago besterik».

Bestalde, Donostiara joan direnen artean haserreak ere agerian egon dira. Iñaki Sarasua oriotarrarentzat «beti izan da berezia egun hau», baina aurtengo antolakuntza «desastre» gisa deskribatu du: «Tribunan bakarrik egon daiteke, eta ez dago batere girorik. Asteburuan ere eskasa egongo da. Kostata lortu ditugu sarrerak, azkar mugituta. Etortzen direnen laurdena ere ez da etorriko». Uste du egin dituzten ordu aldaketek ez dutela «batere laguntzen»; izan ere, horrekin adierazi nahi dute «ez dutela jendea gelditzea gura». «Gu lehen beti gelditzen ginen, baina aurten ez gara geldituko», kexatu da.

Xabier Maizentzat, bere bikotekidearentzat eta umearentzat ere «egun berezia» izan da, alabak parte hartu duelako. «Pozgarria da aurten publikoa izatea, baina sarrera ezin izan du edozeinek erosi. Sentipen gazi-gozoa gelditu zait, giro tristea baitago», esan du. Zarauzko familia honen kasuan, ezin izan dituzte sarrerarik erosi, eta aukera bakarra taberna batean ikustea izan dute. Gainera, egoera zein den ikusita, ez daukate asmorik datozen egunetan Donostiara gerturatzeko, «xarma» galdu baitu aurten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.